NAIZ.INFO
BAIONA

Ekainaren 20an jakingo da Ibon Fernandez Iradiren zigorra etengo duten ala ez

Ibon Fernandez Iradik zigorra osasun arrazoiengatik eteteko egin zuen eskaera gaur aztertu du Justizia frantsesak eta ekainaren 20an jakingo da onartzen duten ala ez.

Baionan giza katea egin zuten larunbatean, Fernandez Iradiren askatasuna aldarrikatzeko. (Bob EDME)
Baionan giza katea egin zuten larunbatean, Fernandez Iradiren askatasuna aldarrikatzeko. (Bob EDME)

Ibon Fernandez Iradik ezarri zioten zigorra eteteko eskaera egin zuen duela urtebete, gaixotasun arrazoiak tarteko. Izan ere, gaixotasun larria du –esklerosi anizkoitza– preso lasartearrak eta eritasun hori egoki artatzeko osasun arloko ekipo pluridiziplinar baten zaintza behar du: neurologo, psikatra, logopeda, oftalmologa, fisioterapeuta... Kartzelan dagoen egoeran gaixotasunak okerrera egin du.

Eskaera gaur aztertu dute epaitegi frantsesek eta erabakia ekainaren 20an emango dute.

Lannemezango espetxean dago Fdez. Iradi eta epaileak izendatutako bi medikuk diotenez, presoaren eritasuna ez da kartzelarekin bateragarria.

Zigorra eteteko eskaera onartuko balitz, sei hilabetero osasun azterketak egin beharko lituzke lasartearrak, bere gaixotasuna espetxearekin bateragarria ez dela frogatzeko. Aske geratuko litzateke baldintza batzuekin, tratamendua kartzelatik kanpo segi ahal izateko.

Aldiz, epaileak atzera botako balu eskaera, Parisen helegitea aurkeztuko dutela adierazi zuen Maritxu Paulus Basurco abokatuak otsailean profesional talde batekin egin zuen agerraldian.

Joan zen larunbatean, giza katea egin zuten Baionan lasartearraren askatasuna aldarrikatzeko.