NAIZ.INFO
IRUÑEA

Euskarazko egitasmoentzat aurreikusitako diru-laguntzak gauzatzeko exijitu diote UPNri

Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politika salatzeko elkarretaratzea egin dute hainbat eragilek Legebiltzarraren aurrean eta euskararen normalizaziorako lanean ari direnei bideratu dizkien diru-laguntzak gauzatzeko exijitu diote.

Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egin dute hainbat eragilek. (Jagoba MANTEROL/ARGAZKI PRESS)
Legebiltzarraren aurrean elkarretaratzea egin dute hainbat eragilek. (Jagoba MANTEROL/ARGAZKI PRESS)

Nafarroako Bertsozale Elkarteko, UEMAko, IKA eta AEK euskaltegietako eta beste hainbat elkarte eta erakundetako ordezkariek elkarretaratzea egin dute Nafarroako Legebiltzarraren aurrean, Euskarabideako zuzendari Maximino Gomezek Hezkuntza batzordean egitekoa zuen agerraldiaren karira.

Gogora ekarri dutenez, 2012. urtea bitartean Nafarroako Gobernuak euskararen normalizazioan jarduten duten proiektuei bideratu zizkien diru-laguntzak «eskasak» izan baziren, 2013 eta 2014an gertatutakoa «onartezina» da.

Izan ere, herri ekimeneko euskaltegientzat, udaletako euskara zerbitzuentzat, ‘bertsolaritza irakaskuntzan’ programarentzat eta beste ekimen batzuentzat Gobernuaren aurrekontuetan diru partidak agertzen diren arren, «ez du horietako euro bakar bat ere banatu». Hori ez ezik, azken bi urteetan euskarazko hedabideentzako diru-laguntzarik ez dute «aipatu ere egin aurrekontuetan», salatu dute.

Eragileek azpimarratu dutenez, «krisia aitzakiatzat» jartzen badute ere, «oso argi» daukate erabaki horien atzean «Gobernuak euskaldunon aurka duen politika zital eta itotzailea» dagoela.

«Nafarroako Gobernuak euskara eremu guztietatik desagerrarazi nahi du», nabarmendu dute.

Euskarabideako zuzendariaren agerraldia baliatuta, aurrekontuetan dauden partidak «lehenbailehen gauzatzeko» exijitu diote UPNren Gobernuari, eta Legebiltzarreko talde guztiei eskatu diete «Gobernuari egoera bidera dezala premiatzeko».