@gara_martxediaz
IRUÑEA

Mendia eta euskara uztarturik, Nafarroa Oinezen alde

Aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen ari den Zangozako ikastolak bultzatuta, Oinez Gailurra ekimenak euskara eta mendia uztartu nahi ditu.

Oinez Gailurra ekimena Iruñean aurkeztu dute. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Oinez Gailurra ekimena Iruñean aurkeztu dute. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Aurtengo Nafarroa Oinez antolatzen ari den Zangozako ikastolak bultzatuta, Oinez Gailurra ekimenak euskara eta mendia uztartu nahi du. Ekimenaren sustatzaile Angel Laherak azaldu duenez, mendi bat hautatu ondoren, www.oinezgailurra.com helbidera joan behar da.

Aukeratutako gailurra babestu ondoren, Oinez Gailurraren banderatxoa bidaliko da etxera. Banderatxo hori motxilan sartu eta eta mendira joatea proposatzen dute Zangozako Ikastolako kideek. «Gailurrean zaudetelarik, bertan argazki edo bideo bat egin eta guri bidaltzeko gonbita egiten dizuegu. Argazki eta bideo guztiak gure web orrian argitaratuko dira. Zuen ekarpenaren lekuko izanen dira, eta euskara eta Oinez Gailurra gorenera eramatea lortuko duzue», esan du Laherak.

Ekimenean parte hartzen dutenak zozketa batean sartuko dira. Norberak zein mendi igo, noiz joan, norekin eta nondik hautatzeko aukera izango du, «Gustukuen dugun mendia igotzea erabaki dezakegu, geografikoki non kokatua dagoen kontuan hartu gabe», esan dute.

«Ekimen honen bidez, gure ingurunearen ezagutza eta gozamena, kirola, naturaren zaintza eta euskara bultzatu nahi dugu», nabarmendu du Laherak.

Juan Mari Feliu mendizalearen laguntza eskertu dute antolatzaileek.