Jon Garmendia
Idazlea

Kolorez

Goizeko kafeak eskemak apurtu dizkizu. Batzuetan hala izaten da, norbaitekin landutako hizketaldi bat aski zaizu eguneko pentsamenduak baldintzapean ukaiteko. Eta zuk, dena koloretan ikusten duzun horrek, gaurko eguna zuri-beltzean pasa duzu.

Lehen, begiak itxi eta itsuekin alderatzen zinen, haiek mundua nola kausitzen duten ulertzeko, baina fribolitate gehiegizko zerbait iruditu zitzaizunetik ez duzu berriro halakorik egin, denbora labur batez zuk sentitutakoa bizi guztirako kondena modura baitu itsuak. Zarena zara, eta daukazuna daukazu, mundua ulertzeko manera bat, zurea. Hargatik, kolore desberdinez irudikatzen dituzu momentuak: goizak gorria du ohikoan, laranja izpiak nagusitzen zaizkionean ezik, eta horiak ez dio protagonismorik kentzen nehoiz.

Berdin du euri edo hotz, egun ilun eta gris, edo eguzkitsu, zuretzat gorri hasten da eguna, denborari aurpegia eman eta iraultzarako prest zaudelako beti. Gosariak urdina du, bazkariak babarrun kolorea, eta askariak azukrearen okrea agertzen dizu batzuetan eta zuria besteetan. Lagunarteari arrosa sumatzen diozu, lanari ubela; presatua zabiltzaneko denbora tartea zilarkara eta zilarraren txandaketa baino ez da, nehoiz gutitan bilakatzen dena urre. Arrea hautematen diozu hautatutako bakardadeari, eta borgoina bilakatzen da desiraz betetako kidearen ondoan. Sexuak halere izokinaren haragia ispilatzen dizu, ketu aitzin gorritasun naturalenarekin agertzen zaizulako, baina beixa bilakatzen da gero, pasioaren lehen kolpetik, eta albertxikoa bigarrenetik, limoi koloreko agertu izan zaizu nehoiz, edo baita anbarra ere, baina eskuarki gorrindola da, zeru-kolorez amaitzeko beti.

Eta gauez, sutondoan, kolore guztiak bat-batean errepasatzen dituzu, egunari adio erran aitzin. Baina berak erran dizu ametsek ez dutela kolorerik, zuri-beltzekoak direla. Amets guztiak, bai, denak. Eta orain, nehoiz ametsik egin ote duzun galdegiten diozu zure buruari, edo bestela erranda, ametsik egin nahi ote duzun.