GARA DONOSTIA

Donostiako Liburutegi Nagusiak Txillardegiren izena hartzea baztertu dute

Donostiako Liburutegi Nagusia «Txillardegi Liburutegia» izendatzeko proposamena bozkatu zuten atzo Tokiko Enpresa Erakunde Publikoaren Administrazio Kontseiluan, eta PSEk, PPk eta EAJk kontrako botoa eman zutenez, eskaera bertan behera gelditu da.

Donostiako beste liburutegi batzuek euskararen eta euskal kulturaren alde lan egin duten pertsonen izenak dituzte (esaterako, Koldo Mitxelena). Alde horretatik, Udal Gobernuak ez du ulertzen oposizioko alderdien jarrera. «Txillardegik gure hiriari, euskarari eta euskal kulturari egin zion ekarpena betiko aitortzeko unea zen, eta ez dugu ulertzen oposizioko alderdiek proposamena ez babestea, areago, herritarrengandik eratorritako eskaera denean», esan zuen Nerea Txapartegi Euskara eta Kultura ordezkariak Plazara Goaz Euskara Batzordeari aipu eginez. Honek iazko urrian erregistratu zuen eskaera.