Ane ARRUTI DONOSTIA

Genero gogoetak umorez azaleratuko ditu Bertso Egunak

«Azalera» lelopean egingo da larunbatean Donostian Bertso Egunaren 45. edizioa. Generoa hartuko du gaitzat eta 54 bertsolaritatik 46 emakumeak izango dira, umorez jantzi nahi duten jaian. Kursaaleko saiorako eta afarirako sarrera gutxi gelditzen dira.

37 emakume aritu dira datorren larunbateko Bertso Eguna antolatzeko lanean. «Festarako gogoz gaude, baina bidea izan da guretzat ederrena. Belaunaldi ezberdinetako emakumeok elkartzeko aitzakia, ikuspegiak trukatzeko gunea, elkarri entzuteko aukera, zer bilatzen dugun nork geure buruari galdetzekoa», azaldu zuen atzo Nerea Elustondok, bertsolari eta Bertsozale elkarteko Genero taldeko kideak. «Izugarria zen agian zu baino hamar urte gazteago den batek esan duenarekin zein ondo adierazi duen zuk sentitu izan duzuna. Zenbatetan bat egiten genuen, horrekin harritzen ginen. Guretzat jabetze eskola handi bat izan da», gaineratu zuen Ixiar Eizagirrek, lantalde bereko kideak.

«Azalera» lelopean arituko dira: «Saiatuko gara bistaratzen edo azaleratzen oso barruan, ia ezkutuan ditugun gaiak», esan zuen Eizagirrek. Gainera, «gorputzetik kantatu nahi dugu, ez hainbeste intelektotik».

Ohi bezala, hiru formatutan ospatuko da Bertso Eguna. Eguerdian bertso poteoa, 18.00etan Kursaaleko saioa eta gauean afalosteko saio «ganberroagoa», aurten Manteo kiroldegian, 700 pertsonarentzako lekuarekin eta «giro herrikoiagoan».

Generoa izango da gaia eta saio osoaren ardatza umorea izatea espero dute, «aniztasuna bistaratzearekin batera, inklusiboa izatea nahi dugu. Erantzunak baino, galderak sor ditzala publikoarengan eta bertsolariengan; generoari buruz gogoetatzeko gaiak utz ditzala gugan», esan zuen Elustondok. Adierazi zuenez, «bertso munduko emakumeen artean izan da elkartzeko gogo bat eta nahi genuke gogoeta gune horietan gizonak ere gehituz joatea pixkanaka, bakoitza bere erritmoan, emakumeak ere ez goaz denok erritmo berean. Gizonezkoengana gerturatzea ere gustatuko litzaiguke, gai hau azkenean denoi dagokigulako».

Kursaaleko jaialdia aurkezten eta zuzendari artistiko gisa Iraia Elias arituko da eta, bertsolariez gain, beste hainbat artistak hartuko dute parte arratsaldeko saioan: Miren Gaztañaga eta Ainhoa Alberdi aktoreek, Judith Montero saxo-jotzaileak, Allarte oihal eta dantza taldeak eta Maddi Oihenart abeslariak.

Bertsolariei dagokienez, 54tik 46 emakumeak izango dira. Eguerdiko bertso poteoan arituko dira Iratxe Ibarra, Amaia Agirre, Erika Lagoma, Miren Artetxe, Ane Labaka, Amaia Iturriotz, Maddi Sarasua, Ane Zuazubiskar, Izar Mendiguren eta Itxaso Paia; Kursaaleko saioan, berriz, Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Elustondo, Uxue Alberdi, Rosi Lazkano, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Maddi Ane Txoperena, Beñat Gaztelumendi, Ainhoa Agirreazaldegi, Saioa Alkaiza eta Iñaki Gurrutxaga.

Afalosterako, berriz, esketxak eta bertso musikatuak prestatuko dituzte Miren Artetxek, Estitxu Eizagirrek, Idoia Etxeberriak, Onintza Garciak, Malen Amenabarrek, Nerea Ibarzabalek, Hodei Unzuetak, Leire Amenabarrek, Aitor Bizkarrak, Joritz Bastarrikak, Arrate Gazteluk, Oihana Makazagak, Uxue Larrukertek eta Aitor Servierrek.

Arratsalderako nahiz afarirako oraindik txartel gutxi batzuk gelditzen ziren atzo, ohiko atarian: www.bertsosarrerak.eu. ETB1ek 21.30ean osorik eskainiko du Kursaaleko saioa.