GARA DONOSTIA

Euskal Herrian 1936ko gerraren aurretik filmatutako azken lanaren kopia bat aurkitu dute

Andoni Elezcano historialariak 1936ko gerratea hasi aurretik Euskal Autonomia Erkidegoan filmatutako azken filma aurkitu du Espainiako filmotekan. Filmak «Sinfonia vasca» du izena eta aspaldi eman zuten galdutzat. Elezcanok aurkikuntza horren berri eman du Vital Kutxaren Gizarte Ekintzaren euskal kultura eta ikerketari buruzko aldizkarian, bere doktoretza tesian oinarrituz.

Lanaren zuzendaria Adolf Trotz da, naziengandik ihesi Estatu espainolera bizitzera joan zen alemana. 16 minutuko iraupena du, eta Vital Kutxaren arabera, «poema zinematografiko bat da», non euskaldunen bizitza arruntaren eta euskal paisaiaren irudiak Jesus Garcia Leozen musikarekin nahasten diren.

Filmaren edukia komertziala da, eta horregatik, errepublikarrek eta frankistek erabili izan zuten, baita EAJk ere erbestetik. Aurkikuntzaren garrantzia dela-eta, Euskadiko Filmategiak kopia bat eskuratu nahi du Euskal Herrian berriro proiektatzeko intentzioarekin.