A. ARRUTI DONOSTIA

Ahozko euskal literatura, idatzita, sailkatuta eta munduratzeko gogoz

Lehen aldiz, ahozko literatura bildu, sailkatu eta «orientazio» lan bat aurkeztu du liburu batean Xabier Payak. «Ahozko euskal literaturaren antologia», euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu du Etxepare Institutuak, nazioartean zabalkundea emateko asmoarekin.

Euskal literatura idatziaren metafora den Bernardo Atxagaren trikua 1545ean lozorrotik esnatu aurretik, bitartean «txoria kantuan» ari zela erakustera dator Xabier Payak osatu duen «Ahozko euskal literaturaren antologia». Hori gauza jakina izanagatik, orain arte ez zen «ikuspegi poliedriko eta panoramiko» batetik bildu, sailkatu eta azaldu, eta hiru hizkuntzatan, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez -frantsesera itzultzeko asmotan dabiltza, EKErekin elkarlanean- eman ditu bertsolari eta ikerlari bilbotarrak.

Birminghamen (Britainia Handia) tesina egiten ari zen bitartean ikasle batek galdetu zion Payari ea nolatan euskara hain aspaldikoa izanik, XIX. mendean ehun bat liburu baino ez genituen. Lan honekin, euskaldunei eta nazioarteko ikerlariei erantzun bat emateko moduan gaudela azaldu zuen atzo. «Iruditzen zitzaidan tresna hau beharrezkoa zela, aberatsak gara eta aberastasun horren katalogo bat da», esan zuen. Hitzaurrea Joxerra Garziak idatzi du eta «infinitoaren laburpena» bezala definitu zuen Payak egindako lana. Nazioarteko «puntako ikertzaileek darabiltzaten irizpideekin egin du, ez da pilaketa hutsa», gaineratu zuen.

Etxepare Institutuaren Euskal Antologia saileko hirugarren titulua da hau; Mikel Ayerberen «Euskal narratiba garaikidea» eta Jone Arroitajauregiren «Euskal haur eta gazte literatura» izan ziren aurreko biak.

Payak zortzi generotan sailkatu ditu ahozko literatur adierazpenak: bertsolaritza (bat-batekoa eta bertso-paperak), koplak (zaharrak, dantza koplak eta errondarakoak), genero epiko-lirikoa (herri lirika, baladak, kantu epikoak eta alegiak, ipuinak eta ele zaharrak), herri antzerkia (pastorala, maskaradak eta irri antzerkia), heziketa generoa (haur jolasak, sehaska kantak eta igarkizunak), egunerokoak (txisteak, zirtoak eta atsotitzak), genero errituala eta genero aplikatuak (sermoiak eta besteak).

Hala ere, sailkapena egin aurretik, ahozkotasunaren eta ahozko literaturaren arteko bereizketa egin behar izan du. Horretarako, John Miles Foley ikerlariak markatutako ildoari jarraitu diote: ahozko literatura erregistro berezi baten jabe den adierazpena litzateke. Payak argi du antologia hau proposamen bat dela, eztabaidagarria izan daitekeena.

Gaztelaniarako itzulpena berak egin du eta ingeleserakoan ikasle ingeles baten laguntza izan du. «Itzulpenak komunikatiboak dira», azaldu zuen, estetikoak baino gehiago, eta hauen zailtasuna azpimarratu zuen. «Nola itzuli Pello Errotaren `Ari naizela, ari naizela'?», bota zuen; «Yo estoy a lo mío y veo que viene Txirrita», itzuli dute.

Aurreko antologiak bezala, nazioarteko unibertsitate eta erakundeetan banatuko dute liburua eta www.etxepare.net-en ere eskuragarri dago.