Jon Garmendia
Idazlea
CRíTICA | Teatro

Kontraesanak

Kontraesanak edozein lekutan eman diezazuke ezustekoa, eta ez dakizu noiz harrapa zaitzakeen bere sareetan, baina egiten duenean, zer pentsatua eskaintzen dizu. Noizbait zure bizitzaren zati bilakatu zen, edo agian fabrikatik zenekarren, berezkoa den baina hor dagoela jakiten ez den zerbait balitz bezala. Izan daiteke haur bati ur putzutik urruntzeko abisua ematen diozunekoan gertatzen dena, zapatak bustiko dituela erranaz, ez dela polita halakoen gainean saltoka ibiltzea, eta oinak bustitzen baditu, gaixotuko dela adierazten diozu, gainera. Eta hor heldu da asteburua, larunbatetik iganderako jira amaituta etxerako bidea hartu duzu, hain alai zaude, hain kontent, putzutik putzura salto eginaz egin duzula bidea, eta oinak mela-mela dituzu oheratzerakoan. Astea letxean pasatzen duzu gainera, ez belozidadean, marmarka, egunak mantsoegi baitoaz lanean ari zarelarik, eta lehenbailehen ostirala hel dadin desira ukaiten duzu, pasa daitezela egunak fite. Eta gero, nahinoiz aitortzen duzu, bizitza tximista dela, azkarregi doala. Agian, arrautza batzuekin kontraesanen tortilla egin zenezake: Liburu bat irakurri nahi eta sofan etzan telebistari beha, dutxara sartzeko gogorik ukan ez, eta gero ezin irten handik, maskuria lehertzear maindirepean segitu, itsusiari polita deitu eta politari itsusi, eta polita zer den jakin ez eta itsusia zer den jakingo bazenu bezala bizi, eta besteentzat jantzi, eta ez zarela jeloskorra baina bai, eta inbidia sanoa dela, eta berekin ez duzula fitsik jakin nahi baina mezu bat bidali diozula Whatsappera, eta maite ez duzun musika taldearen kontzertura joan zarela, eta kirola egin ondoren garagardoa pitxerka edan duzula, eta kontraesan sentimentalak dituzula, eta kontraesan sexualak, eta teorikoak, eta praktikoak, eta zer ote zinateke kontraesanik gabe... Horrexegatik bizi behar duzu hala, bizitzari kontraesan gehiago oparitzeko eskatuz, lasterrago, arinago, ahal delarik, heriotzak baino lehenago.