Joseba Felix Tobar-Arbulu
Ingeniaria
KOLABORAZIOAK

«Anaitasuna» aldizkaritik Diru Teoria Modernora

Helburua aspalditik izan dudan bera da. Ezin da bestela izan: Euskal Herriaren independentzia ekonomikoa eta monetarioa dut helburu, ez besterik

Luzea izan da bidea. 1960ko hamarkadaren hasieran abiatu nintzen ekonomiaren kezkarekin. 1960ko hamarkadan ekonomiari buruzko hamaika lan irakurri nituen, Marx-en «Alokairua, Prezio eta Irabazia» liburuxka ederrarekin hasita.

1970eko hamarkadaren lehen urteetan, kapitalismo industriala zen nagusi, edo behintzat hala uste genuen. Gutxienez, espainiar Estatuan kapitalismo industrial basatian bizi ginen.

1972an, «Anaitasuna» aldizkarian ohiko kapitalismo industrialari buruz hasi nintzen zertxobait plazaratzen. O tempora o mores! Eredu gisa, hona hemen nire lehen euskarazko artikuluak, Imanol Berriatua zenak zuzenduak, oraintxe Euskaltzaindiak digitalizatuak (http://es.scribd.com/ doc/57138679/ANAITASUNA-1972-1973-eta-1975) eta garai hartan erabiltzen zen euskara baturanzko ereduan.

Kapitalismoak ere bide luzea egin du. Ekonomiak bere ildoari ekin dio, lehengo kapitalismo industriala erabat aldatuz. Kapital finantzarioa nagusi bilakatu da. Argi dagoenez, egungo kapitala, batez ere eta bereziki, finantzarioa da. Kapitalismo industriala, eta berari loturik zeuden Marxen plusbalioaren analisiak, balio-teoriari buruzko aspaldiko eztabaidak labur samarrak geratu dira. Izan ere, dena, edo ia dena zeharkatu du kapital finantzarioak. Bera da nagusi, bera da agintzen duena, bera da ikertu behar dena. Berari aurre egin behar zaio. Are gehiago, finantza-sistemak bereganatu egin du ekonomia erreala. Europan esaten den moduan, Finanzkapital uber alles.

(Dena den, Marx-ek, beste era batera, nolabait zutik irauten du: http://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/sorry-marxek-arrazoi-zeukan).

Bide luze horren azken urteetako lana dela-eta, Larrabetzun, 2013ko Literaturia ekitaldiak zirela-eta «Diru Teoria Modernoa eta finantza-ingeniaritza» izeneko liburua aurkeztu genuen UEUko Ekonomia saileko buru Unai del Burgok eta biok.

Hona hemen liburuaren inguruko zenbait zehaztasun: (a) hiru urte eta piku eman nituen lan hori burutzeko (2009ko abendutik 2013ko urtarrilera). (b) Liburua Hamaika telebistan aurkeztu zen (http://www.hamaika.tv/tb/bideo/76950).

Hona, berriz, liburuaren beraren punturik garrantzitsuenak: (i) FIRE (Finantza, asegurua, higiezin erreala): Aktibo prezioko inflazioa eta, ondorioz, zorrak induzitutako deflazioa; (ii) Ponzi fasea: egoera berriari finantza-zikloen Ponzi fasea deitu zion Hyman Minsky-k, non bankariek, zorren merkatariak izanik, batez ere, eskuratzen dituzten aktiboetan eta merkatuan saltzen dituzten pasiboetan ahalegintzen baitira (The Financial Instability Hypothesis); (iii) Kreditu-ekonomia eta programa fiskala: finantza-politika eta politika fiskala loturik daude, txan- pon beraren bi aldeak dira; (iv) Krisi ekonomikoa induzitua, bultzatua izan da: nahita sortua; (v) Irtenbide gisa, inbertsioak kapital ukigarrian, ez FIREn; (vi) Diru Teoria Monetarioa (DTM); (vii) Euskal Herriaren independentziarako proposamenak.

Helburua aspalditik izan dudan bera da. Ezin da bestela izan: Euskal Herriaren independentzia ekonomikoa eta monetarioa dut helburu, ez besterik. Horretarako, akademian erabiltzen eta ezagutzen diren testuetatik oso urrun ibili naiz, ortodoxia ekonomikotik erabat aldenduta. Izan ere, Warren Mosler-ek dioen bezala, «DTM-rekin koherentea ez den edozein pentsamendu eskola aplikaezina da gaur egungo edozein egoera ekonomikotan».

Beste zenbait lanetan egin dudan bezala, eta Euskal Herriko egoera beti presente edukita, liburuan jorratu ditut gure herriaren independentziarako beharrezko diren zenbait proposa- men eta neurri.

Eztabaidarako gai asko, funtsezkoak. Liburuarekin ados egon zein ez, Euskal Herriaren independentziak arlo ekonomikoan egon diren aldaketak analizatzera eraman behar gaitu, behar izango diren erabakirik aproposenak ongi eta zehazki hartu ahal izateko.

Literatura eta poesia aurkezten deneko lekua, Larrabetzuko Literaturia ekitaldia alegia, agian ez zen lekurik aproposena finantza munduaz aritzeko. Horretaz ez dute idazten literaturzaleek eta poetek.

Literatura? Poesia? Ongi, oso ongi. Baina bitartean gauza askotxo gertatzen ari dira gure inguruan, baita gure Euskal Herrian ere: Literatura, poesia, kultura, politika, konpromisoa, elkartasuna... eta euskal gazteria (http:// www.scribd.com/doc/116918824/Maldan-behera-noraino).

Hortaz, zertxobait esan beharko da horretaz guztiaz (http:// www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/2014/01/21/diru-teoria-modernoa-hasiberrientzat-3/).