Aimar ETXEBERRIA

Burua eta akzioa uztartuz, hiru egunez alternatibak sortzera

Altsasun elkartuko da Euskal Herriko gazte mugimendua datorren apirilaren 17an, hiru egunez sistemari hortzak erakutsi eta alternatibak eraikitzeko bidean buruari eragin eta hausnarketak burutzeko. Lan teorikoa ez ezik, akziora pasatzeko baliabideak eskaintzea ere badute xede «Gazte Burutakzio» topaketek.

Burua eta akzioa. Teoria eta praktika. Modu horretan deskriba daiteke apirilaren 17tik 20ra Altsasun ospatuko diren «Gazte Burutakzio» topaketen esentzia. Hitz-joko horren bidez, buruari eragiteko eta hausnartzeko beharra azpimarratu nahi izan dute gazteek, eta, horrekin batera, akziora pasatzeko momentua dela aldarrikatzen dute. Finean, teorikoki garatzen duten guztia praktikara eramateko baliabideak eskaintzea da topaketa hauen helburua. Aipatu bezala, Altsasun ospatuko dira topaketak, Iruñeko Aberri Egunari begira gazte ekarpena egin nahian garrantzitsua ikusten baitzuten Nafarroan bertan elkartzea.

Topaketen inguruko xehetasun gehiago bildu asmoz, Maialen Etxeberria eta Koldo Etxegarairekin bildu da GARA, Ernai eta Aitzinako bozeramaileekin, hurrenez hurren. Hori bera baita topaketa hauen ezaugarri nagusienetako bat, Ernai eta Aitzinak elkarlanean antolatu dituztela. Baina, zer dute euskal gazteriari eskaintzeko?

Etxeberriak sistemari aurka egiteko ekimen bezala definitzen du Altsasuko hitzordua. «Eztabaida, hausnarketa eta formakuntzaz harago, borroken praktika errealitatean garatzeko aukerak eman nahi ditugu», azaldu du. Zentzu horretan irudikatzen du Etxegaraik ere Aste Santutako ekimena. Sistema kapitalistari aurre egiteko tresnak eskaini asmo dituzte, «euren sistema irauli eta gurea eraikitzeko». Horregatik, formakuntzari garrantzi berezia ematen dio Etxegaraik ere, bai teorikoari bai eta praktikoari ere.

«Gazte Burutakzio» topaketek erabat hausten dute Euskal Herriko gazte mugimenduak azken urte luzeetan Aste Santuan ospatu izan dituen ekimenekin. Jaialdi handien edo aisialdira bideratutako ekimenen eredua alde batera utzi eta gazteen formazioa helburu izango dute aurtengo topaketek. Etxeberriak azaldu duenez, hainbat hausnarketa egin dituzte gaur arte egin diren antzeko ekimenen inguruan. Hala, ekimenok garatu izanaren ondorioz erdietsi diren helburuak jarri dituzte mahai gainean, baita lortu ez dituztenak ere. «Militantzia berri baten aurrean aurkitzen gara, eta, ondorioz, beharrezkoa ikusi genuen borrokak praktikara eramateko baliabideak eskaintzea», adierazi du. Ildo horretan, eskaintza «kualitatibo» baten aldeko apustua egin dutela azaldu du, aipatzen duten eredu berri hori egikaritzea helburu hartuta. «Ez da zerbait masiboa izango, ez da indar erakustaldi bat izango. Garrantzitsuena borrokak praktikara nola eraman eztabaidatzea izango da, irudimenari bide emanez, sistemaren aurka egiteko», azpimarratu du Etxeberriak.

Etxegarairen arabera, gainera, etorkizuna izan dezakeen formatua da aurten estreinatuko dutena. «Eredu transbertsal batez ari gara hitz egiten, gure antolakundeetan egunero ematen den eredu batez», argitu du. «Praktikotasunez, kalean eragitea eta zinezko alternatibak eraikitzea da gure ekinbidea», gaineratu du.

Desobedientzian sakontzea xede

Apirilaren 17an, arratsaldez, hasiko dira topaketak. Hala, tailer, hitzaldi eta mahai inguru anitz izango dira hiru egunez, betiere sormena eta irudimena oinarri. Baina, guztiaren gainetik, desobedientziaren ideian sakontzeko asmoa dute Aitzina eta Ernaiko kideek. «Azkenaldi honetan, bizi dugun testuinguru politikoa medio, indar handia hartu du desobedientziaren kontuak. Zentzu horretan, gure jarrera desobedientea praktikan jartzeko asmoa daukagu», adierazi du Ernaiko bozeramaileak.

Ostiral eta larunbatean burutuko dira tailer eta mahai inguru ezberdinak. Bost ataletan batu dituzte tailer hauek: desnormalizazio tailerra, komunikazio gerrilla, sormen tailerra, kanpo proiekzioa eta taldeen mikropolitika. Desnormalizazio tailerrari dagokionez, egunerokotasuna apurtzeko balio izango luketen ekimenen inguruko hausnarketa egingo dute. Bestalde, ohiko komunikazio sistemak apurtu eta molde berriak asmatzen ahaleginduko dira komunikazio gerrillan, inpaktua eta sorpresa bilatuz.

Sormen tailerrean, aldiz, irudimenari bide ematen ahaleginduko dira. Ahalduntze ariketa bat izango da, pertsona oro sortzaile dela aldarrikatu eta gordeta duten irudimena sorkuntza bilakatzeko. Sorkuntza horren bidez garatutako ekintzak gazteengana gerturatzeko bitartekoak izango dituzte eztabaidagai kanpo proiekzioa atalean, eta, taldeen mikropolitikari dagokionez, taldeetan botere harreman zapaltzaileak nola ekidin eztabaidatuko dute.

Arratsaldeko eskaintza aisialdira bideratuta egongo da, baina festa giroa bilatu beharrean kulturari garrantzia emanez. «Aisialdirako aukera aunitz egongo da, baina ez festa giroan murgiltzeko helburuarekin. Azken eguna aprobetxatuko dugu parranda pixka bat egiteko», aurreratu du Etxeberriak. Aurrez eman beharko dute gazteek izena topaketetan parte hartzeko. Txartela erosi eta honek ekartzen duen kodea webgunean erregistratu behar da. Jarraian, bakoitzak aukeratutako tailerretan eman behar da izena.

Ikuspegi nazionala

Aitzina eta Ernai bi gazte antolakunde izanik, «Gazte Burutakzio» topaketak elkarlanean antolatzea erabaki dute. Ondorioz, Euskal Herriko gazte guztiei zuzenduriko ekimena izango da Aste Santuan Altsasun ospatuko dena. Bi gazte antolakundeen nahia beti hori izan dela dio Etxegaraik, hau da, harreman nazionalak izatea eta hauek garatzea. Harreman «estua» dutela adierazi dute eta horren emaitza da Aste Santuko ekimena. «Finean, Euskal Herriari eta gazteriari kalteak eragiten dizkiona sistema kapitalista da, baita bere ordezkari diren estatu espainiar eta frantsesa ere. Botere patriarkal eta kapitalista horretatik gazteria askatu eta gure eredua eraikitzen hastea Aitzina eta Ernaik konpartitzen dugun helburua da», argitu du Etxegaraik. Aitzina sortze fasean zen garaian -2013ko azaroaren 2an ospatu zuten sortze jaia-, informazio trukaketara mugatzen zen bi gazte antolakundeen arteko harremana. «Orain, berriz, harago joan eta hasi gara jada bien arteko elkarlana sustatzeko taldeak muntatzen», gaineratu du.

Etxeberriak ere ildo beretik hitz egin du. «Ernaitik beti ikusi izan dugu nazio estrategia bat izan behar genuela buruan», azaldu du. Topaketak aurrera eramateko lanketa guztia elkarlanean egin dute, eta, aurrerantzean ere, elkarlanean aurrera eraman beharreko ekimenak zehazten dituztenean, hala egingo dutela aurreratu dute. «Finean, etsai bera dugu: sistema kapitalista eta berau garatzen duten estatuak. Guk, Euskal Herria aldarrikatzen dugularik, nazio gisa egin behar diogu aurre etsai horri, nazio gisa egin behar dugu lan», aldarrikatu du Aitzinako bozeramaileak.

Erakundetze nazionala izango lukeen gazte erakunde batez hitz egitea, ordea, Aitzina eta Ernaik urrun ikusten duten eztabaida da. Nazio agerpen batetik harago, nazio estrategia bat garatzea eta berau egonkortzea da uneotan egiten duten apustua Etxegarairen esanetan, bi antolakunde izatea «arrazoi berezi» batzuen ondorio dela adieraziz. «Baina bai, epe luzera begira, eta egoerak eskatzen duenean, bat egingo dugu, nahia bat egitearen aldekoa izan baita beti», azpimarratu du.