Maider EIZMENDI
Tentsio handiko linearen kontra

Lurrarekin taupadaka, 127 kilometroko protesta ekimena

rurtzungo plazan egin zuten ekitaldi nagusia, baina Deikaztelu eta Itsasondo arteko tentsio handiko linearen kontrako protesta ekimena kilometro luzeetan gauzatu zen. Proiektuan aurreikusten diren 247 dorreetako bakoitzean bildu zen jendea, lurrarekin taupadaka. I

Hamabi eta erdiak inguratzen ari zirenerako Irurtzungo plaza pixkanaka-pixkanaka betetzen joan zen. Asko Deikaztelu eta Itsasondo arteko 127 kilometroko ibilbidean egin zen protesta ekitalditik zetozen zuzenean. «247 taupada lurrarekin bat» ekimenak, izan ere, bi herriak autopista elektrikoarekin batu nahi dituen proiektuan aurreikusten diren dorreetaraino eraman zituen «Lurkide konpromisoa» sinatu duten 247 entitate eta makina bat herritar.

Familian edota lagunartean batu ziren aldarrikapena eta jaia uztartu zituen ekitaldi nagusian. Autopista Elektrikorik Ez plataformako kide Alberto Frias eta Iñaki Ugaldek ekimenarekin proiektuak ingurumenean egingo duen txikizioa irudikatu nahi izan dute, kontuan izan behar baita 85 metro luzeko dorreak jarri nahi dituztela 400-500 metrotik behin.

Indarrak batzeko beharra

Indarrak batu eta proiektua gogor salatzea guztiz beharrezkoa dela aldarrikatu zuten: «Garrantzitsuena ez da besteek egiten dutenari erreparatzea, guk proiektu hau salatzeko zer egin dezakegun erabakitzea baizik». Gogora ekarri zituzten hala, proiektu hau baztertzeko egin den ekimen andana, besteak beste, proiektuak kaltetzen dituen herri eta kontzejuetan onartu ziren mozioak: «Inork ez zien jaramonik egin; are gehiago, herri horien garapenean batere lagunduko ez duen proiektuaren tramitazioarekin aurrera egin zuten».

Iazko udan proiektua aurkeztu zutenean, gogora ekarri zutenez, 14.000 instituzio, elkarte eta pertsonak alegazioak aurkeztu zituzten, «baina oraindik ez da erantzunik jaso». Zentzu horretan, gogor salatu zuten Gasteizko eta Iruñeko gobernuen jarrera, «lehenak isiltasun konplizea mantendu duelako eta bigarrenak prebarikazioaren ertzean egon dira akzioak dituzten enpresa elektrikoen alde eginez».

Proiektuaren inguruan dagoen «isiltasun langa» haustea da, plataformako kideen esanetan, aurrerantzean emango dituzten pausoen helburu behinena, «tentsio handiko linea inora hel ez dadin».

Ekitaldiaren amaieran batutako lagun asko Mikolatsen eta galtzagorrien aginduetara lurrean eseri ziren eta «Goi tentsiorik ez» mezua irudikatu zuten, proiektuaren aurkako mezu ozenak jaurtitzen zituzten bitartean. Ekitaldiaren amaieran berriz ere trikiti eta dultzaina doinuak hasi ziren jotzen, jai giroan bazkaria ere iragarrita baitzegoen.