GARA DONOSTIA

Nafarroako Bardoek eta Arabako Kuadrillek prest dituzte euren bertso jai nagusirako osagaiak

Agurainen egun osoko festa antolatu dute larunbat honetan arabarrek bertso-kuadrilla artekoari amaiera biribila emateko. Bardoek hilaren 12an izango dute finala Lesakan; hiru talde sailkatu dira egun handirako.

Berezia izan da aurten Arabako Bertso Kuadrilla Artekoa, eta bukaera ere berezia izango da. Lehen aldiz, sailkapenik gabe gauzatu dituzte saioak, bertso taldeek eurek autogestionatuta eta izaera herrikoi eta kolektiboa azpimarratuz. Horregatik, finala ere ez da finala izango, festa handi bat baizik, larunbat honetan Agurainen egun osoa hartuko duena. Ekimenean bai bat-batekoan bai idatzizkoan parte hartu duten talde guztiak daude gonbidatuta. 34 izan dira guztira.

Goizeko hamaiketan egin dute hitzordua txosnan. Eguerdian, Andramari plazatik hasita, poteo ezberdinak iragarri dituzte herri osoan zehar. Gero, bazkaria izango da plazan bertan, eta 17.00etan puntukako saioa egingo da «nahi duten parte hartzaile guztiekin». Puntu festaren ostean, Gibelurdinek taldearen eskutik dantzarako aukera izango da eta 20.30ean «bertso-punk» ekitaldia egingo da.

Bardoak Lesakan

Sailkapenari eutsi badiote ere, Nafarroako Bardoak taldekako txapelketako finalak ere jaitik gehiago izango du lehiatik baino. Saio bakoitzerako mozorro eta guzti prestatzen dituzten agurrak ikusi besterik ez dago. Bigarren faseko azken lau saio jokatu ziren asteburuan, Igantzin, Leitzan bana eta bi Iruñean, eta hiru talde sailkatu dira apirilaren 12an Lesakan jokatuko den finalerako: Baztango Lepatanatuek 2, Iruñeko Bertze Maldikoak eta Leitzako Harrapazank taldeak.

Otsailaren 7tik hona 16 talde aritu dira Bardoak ekimenean. Guztira 110 parte-hartzaile izan dira, horietatik 60 bertsolariak.

Finalerako sarrerak dagoeneko salgai daude www.bertsosarrerak.eu webgunean. Finalerako sarrerak 10 euro balio du Bertsozale Elkarteko bazkideentzat, langabeentzat eta 16 urtetik beherakoentzat, eta 15 euro, gainerakoentzat.

Finala amaituta, Bardoen amaierako afaria eginen da Lesakako Linddurrenborda sagardotegian. Afarirako txartelak ere salgai daude www.bertsosarrerak.eu webgunean.