GARA DONOSTIA

Berri Txarrak taldeak AEBetan barnako bira amaitu berri du

Berri Txarrak rock taldeak Ameriketako Estatu Batuetan zehar egin duen lehenengo bira amaitu berri du. Aurten 20 urte beteko ditu, eta hori nolabait ospatzeko, ozeanoa gurutzatu eta Kalifornian izan dira apirilean zenbait kanta grabatzen. Egonaldi horretan zazpi kontzertu eman dituzte. Azken kontzertua New Yorkeko Brooklyn auzoan egin zuten astearte gauean.

Musikari euskaldunak oso pozik daude lortu dituzten emaitzekin. Gorka Urbizu abeslariak esan bezala, honakoa sormen prozesu berezi baten lehenengo fasea besterik ez da. Euren antzeko estiloari jarraitzen dioten bestelako taldeekin igo dira agertokira; horien artean, Ape Machine, Bad Girlfriend eta The Naked Heroes. Publikoak oso ondo erantzun du eta salgai jarritako disko guztiak agortu zaizkie.

Taldeak bere Facebooken jarri dituen berrien arabera, hedabideetan ere oihartzuna izan dute. Kaliforniako «Downtown Life Magazine» aldizkariak albiste bat eskaini zien eta «Chico News and Review» egunkariak, berriz, lehen orrian atera zituen.