GARA DONOSTIA

Lupa dokumentalen erakustaldian 14 film ikusi ahal izango dira

Donostiako Banda Bat eta Errenteriako Mikelazulo kultur elkarteek zazpigarrenez antolatu dute datozen lau egunetan zehar gauzatuko den jaialdia. Sarrera doakoa izango da eta, proiekzioez gain, hitzaldiak eta haurrentzako proposamenak ere izango dira.

Lupa zinema dokumentalaren jaialdiaren zazpigarren edizioa hasiko da gaur. Donostia eta Errenteria artean 14 film ikusi ahal izango dira igandera bitartean.

Donostian proiekzioetarako egokitutako aretoa Guardetxea izango da eta Errenterian, berriz, Mikelazuko elkartea. Zehazki, gaur arratsaldean, 18.30ean, Donostian hasiko da zinema erakustaldia. Zuek musikariaren kontzertuaren inguruko ikus-entzunezkoa izango da jaialdiko lehen filma. Horren ostean «Ciutat Morta» 120 minutuko film katalana eskainiko dute. Xavier Artigasek eta Xapo Ortegak zuzendutako lanak 2013an zinema bat okupatu zuen pertsona talde baten berri ematen digu. Bere buruaz beste egin zuen Patricia Heras neskari buruzko egia argitara eman nahi dute ekintza horrekin.

Bihar Errenteria izango da topagunea, bertan ikusi ahal izango baitira, 18.00etatik aurrera, Emilio Canoren «Julia» film laburra eta «Urola» film ertaina, bailara horretako zenbait pertsonaiaren erretratua egiten duena. 20.00etan, Maria Elorzak, Maider Fernandezek eta Aitor Gametxok egindako «Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa» eta Omar A. Razzaken «Paradiso» lanen txanda izango da.

Larunbatean ere Errenterian kokatuko da jaialdia eta igandean, amaitzeko, Donostian.

Ekintza paraleloak

Proiekzioez gain, bi mahai inguru prestatu dituzte. Bihar, Xabier Erkiziak soinua zineman nola landu daitekeen argituko du. Larunbatean, berriz, hainbat zinemagilek sortze prozesuan dauden lanak ezagutaraziko dituzte.

Lupita ziklo berezia ere izango da, haurrei zuzendutakoa. Horren bidez, genero dokumentala gaztetxoei gerturatzeko asmoz, Karmengo Ama eskolan tailer bat egingo dute eta «Luces escondidas» lana proiektatuko dute. Ekitaldi guztiak doakoak izango dira, filmak ikustea barne, eta, urtero legez, egileek beraiek aurkeztuko dituzte.