Estibaliz Ezkerra
Literatur kritikaria

Besteen hizkuntza (I)

Le monolinguisme de l'autre» (Bestearen elebakartasuna) liburuan nortasunaren gainean gogoeta egiten du Jacques Derridak. Zer da nortasuna; kontzeptu bat zeina dogmatikoki aurreikusita dagoen beti elebakartasunaren, multikulturalismoaren, nazionalitatearen, hiritartasunaren eta, oro har, kidetzaren gaineko eztabaidetan? Zer esan nahi du zehazki hizkuntza baten jabe izateak; talde linguistiko bateko kide izateak edo norberaren nortasuna talde horretan oinarriturik egoteak? Hain sinplea ote da nortasuna norbanakoa kolektiboaren adierazpen soila izateko? Zenbateraino da norbanakoa tribuaren berdin-berdina? Galdera hauek guztiak erantzunez gero, lortuko du batek bere benetako izatearekin aurrez aurre egotea? Beharrezkoa da niaren gainean hitz egin ahal izateko lehenik eta behin onartu behar izatea nortasun oro zatikaturik dagoela eta, beraz, osatzear dagoela beti?

Galdera horiekin abiatzen du pentsalari frantsesak bere gogoeta, jarraian nortasunaren gaineko eztabaidetan ohikoa izaten den gaiari heltzeko: ama hizkuntza. Jatorrizko edo lehen hizkuntzak batek mundua ikusteko duen moduan eragina badu ere, Derridaren helburua hizkuntza bat erdiestea eta hitz egitea posible egiten duen elementuen sarea azaltzea da. «Ama hizkuntza deritzon hori», esaten du, «ez da inoiz erabat naturala, ezta egokia edo bizigarria ere». Derridaren ustez, pertsona batek ez du bere jatorrizko hizkuntza sortzen; aitzitik, besteengandik ikasi eta lortu egiten du. Hizkuntza, beraz, norberarena edo besteena ez den zeinu moduan azaltzen zaigu, zeinaren erabilerak denena bihurtzen duen aldi berean.