IKUSMIRA
IKUSMIRA

Estrategia politikoa basakeriaz elikatzen duena

E donork, sendagilea izan gabe ere, ulertzen du kartzela ez dela leku egokia gaixotasun larria duen lagun bat behar den moduan artatzeko. Izan ere, 2011n, Ibon Iparragirre, bere gaixotasunaren segimendu egokiagoa izan zezan, Sevillako espetxe batetik Basaurikora eraman zuten, eta urte berean, gaixotasunaren larria dela-eta, zigorra etxean betetzeko erabaki zuten, legeak xedatzen duen bezala. Baina aurtengo martxoan berriro espetxeratu zuten, Basaurin. Tartean, Iparragirreren gaixotasunari dagokionez, ez zen aldaketarik gertatu, eta bazirudien gaixotasuna egonkortuta zuela. Egoera politikoari dagokionez, ordea, aldaketa nabarmenak gertatu ziren: ETAk borroka armatua utzi zuen, euskal gizartea konponbide prozesuaren alde agertu zen, euskal presoek prozesu horrekin bat egin eta urratsak eman zituzten, eta Estrasburgoko Auzitegiak kolokan jarri zuen euskal presoei ezarritako espetxe politika. Preso ondarroarraren osasunak okerrera egin du kartzelan, eta azken aste eta erdian bi eraso fisiko jasan ondoren, Navalcarneroko kartzelara urrundu dute. Aste eta erdian jasan dituen erasoak behin eta berriz aipatu izan diren ankerkeria eta mendeku gosearen erakusgarri dira; baita, beraz, bere espetxe politika horietan oinarritzen duen Gobernuaren izaera ere. Izan ere, nola izenda liteke bere estrategia politikoa presoei, bereziki gaixo daudenei, erasoz elikatzen duena?