Jaime VALVERDE
KRITIKA antzerkia

Lotsagabetasunaren artea

Dutxan gaudela kantatzea gauza atsegina da: manparak eskaintzen digun pribatutasunean eta uraren hotsak geure tonu-akatsak estaltzen dituela, miresten ditugun abeslariak bezala sentitu ahal gara istant batez. Hori bai, ez gaitzala inoiz inork egoera horretan ikus, biluzik egotea gure arazorik txikiena izango litzatekeelako. Hartu bestela gaueko taberna betearen zurrunbiloan murgilduta egonik, gogotik abestu eta dantzatzen dugunean, eta kendu gero musika eta inguruko jendea: irudi gutxi eskain dezake batek bere bizitzan hori baino barregarriagorik.

Badirudi Leire Ucha horrelako hausnarketa batetik abiatu dela «Zer duzu, Amy?» obraren testua sortzeko. 2012ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza deialdia irabazi ondoren, Oh My God! taldearen komedia makabro-esoteriko hau Aulestira iritsi da, euskal teatroaren zita garrantzitsu bihurtu diren Artedrama Topaketetan parte hartzeko.

Amy Winehouseren zale amorratua den neska bat, Dasy Sagardotegi izen artistikoa duena, Londresera doakigu abeslari hilaren ahots korda preziatuak hilobian alferrik galdu ez daitezen, eta beraiek baliatuz, antsiatzen duen bakarlari postua irabazteko bere herriko abesbatzan. Alegia, Edgar Allan Poe idazleak berak sina zezakeen istorio bat, opioa barik kalamua hartu izan balu.

Exorzismo, inbokatze eta posesio zenbait tartekatuz, mitomano galtzaile honen miserietan zehar eramaten gaitu Uchak. Publikoa barrez lehertzen da eta berak erakusten du pailazo bikaina dela, jaidura natural zein berezko estilo batekin. Mundialak dira bere numero musikalak: lotsagabetasuna arte bihurtzen denean, publikoa entregatzen da eta azkenean ikusle orok maite du sasi-abeslari hau. Zeren, edonork kanta lezake Amy Winehouseren ahots ederrarekin, baina nor ausartuko litzateke dutxan egiten duen bezala jendearen aurrean abestera? Pertsona bakarra, nire ustez: Dasy Sagardotegi.