Jon Garmendia
Idazlea

Harrapakina


Lehoiak hala egiten omen du bere harrapakinekin, bai eta katuak ere; goseak badago, bidean, bizitza uzteko prest da haiek ehizatzeko. Baina behin sabela berdindu duelarik, atzaparrak erdi gorde eta jolastu egiten omen da harrapakinarekin, non eta beste lehoi bat haren eske hurbilduko ez zaion, noski. Edo katuari katua. Orduan, bere atzapar eta hortz guztiak agertzen dituelarik, berea delako eta ez beste nehorena, heriotzaraino defendatuko omen du harrapakina. Halako konparaketa bitxi bat egin du gizakiekin gertatzen dena azaltzeko, amodio harremanekin lotzeko zehazki. Eta zuri, memorian iltzatu zaizu. Gustuko duguna konkistatzearren sekulakoak eta bi egiteko gai omen gara, baina behin hura gure ondoan dugunean, segurtasunaren katea eta asperraren aurpegia baino ez dugula agertzen. Eta umetatik hala izaten dela, jostailuz betetzen digutela saskia, eta handik bakar bat hautatzeko zailtasuna dugula, zenbat dauzkagun jakitea ere ezinezkoa dela zenbatzen ikasten dugunean. Eta armairua arropaz betea daukazula oroitu duzu berriro, dendan aho bete hortz utzi zintuen kamisetari ez diozula etiketarik kendu oraino, ez eta Levi's galtza urdinari ere. Etxea CD, disko, eta musika kasete zaharrekin bete-bete egina daukazula, kontserba potoak iraungitze dataren zain, liburuak bata bestearen gibeletik apaletan, hori bai, ordenatuta, eta etxeko tokirik pribilegiatuenean, bisitan heltzen zaizun edonork ikus ditzan. Ez du axola hogei edo hogeita hamargarren orrialdean irakurtzeari utzi zenion. Ez dira irakurtzeko, erakusteko bai. Lasai, hori, zuk bakarrik dakizu. Eta argazkiak? Uf! ehunka, milaka... baina ordenagailuan gordeta, eskerrak hark zure bizitzako memento ederrak behin eta berriz ikusten dituen, zuk ez baitituzu begiratu ere egin aspaldion. Bai. Horrela izan da. Horrela ohartu zara, bere hitzekin nola jolastu den zurekin, baita nola bilakatu zaituen ere bere harrapakin.