Jon GARMENDIA Idazlea

Joan zinenetik

Karrika, galderen aterpe bilakatu da, hitza geruza gisa darabilen eremu mortua bailitzan. Horregatik babesten gara etxean.

Begirada sakon bat eskaini zenigun, sarkorra, non eta behin barnera sartuta, non gordetzen den asmatzea ere ezinezkoa gertatzen den. Masailean bi musu, iraupenik gabekoak, edo behintzat biziki arinak, justu-justu sumatzen diren horietakoak. Eta joan egin zinen, isil-isilik, eta ordutik, halaxe egon zara. Nehork ez zaitu entzun, nehork ez daki zure berri. Ez da zure itzala falta zaigula, eta ez da zure magaletik kanpo noraezean gabiltzala, zalantza da; hori da okerrena, joan zinenetik dena zalantzan jartzeko ahalmena baino ez daukagula, dudak bizi ditugula, edo dudatan bizi garela. Karrika, galderen aterpe bilakatu da, hitza geruza gisa darabilen eremu mortua bailitzan. Horregatik babesten gara etxean. Guk ere, isiltasunean bizitzen ikasi dugulako joan zinenetik. Sukaldean bazkaltzen dugu oraino, baina ez lehen bezala, orduan, ogia eskutik eskura pasatzerakoan oihu eta algarak tartekatzen genituen, eta ardo botilak irekiak zeuden beti; hesiak non ote dauden, sasia non ageri den, eta mendi tontorra zapaldu ote dugun, ez igo, zapaldu, horretan dihardugu ia egunero. Galdezka. Mugen xerka gabiltza, erregela, eskuadra, kartaboia eta konpasa eskuetan ditugula. Eta irla bakartiak izaten ikasi dugu harrizko itsaso artean, hitzik elkarri ebatsi gabe, isilik, elkarri begira gaude, zain. Zain, zain, zain gure herrian zain. Eta bazterrak ere isildu dira, harmonia falta da, haurren karkailak ez dira entzuten gehiago, eta esperantzak ez ditu betetzen lehengo tokiak. Gauak etortzen zaizkigu gainera, eta ez dira joaten, gurekin gelditzen dira, eta haiekin isiltasuna. Ordea, zu joan zinenetik ez da egun bakar bat ailegatu gugana. Joan bai, dozenaka, ehunka joan dira, baina ez da bakar bat etorri. Zu itzuliko zarena izango baita eguna, hari deitu ahalko diogu hala.