JON GARMENDIA
IDAZLEA

Kolpeak

Handitzen joan zaren heinean, kolpe txoro horiek hartzen segitu duzu, ez dira hain maiz izan, baina bortitzagoak izan dira.

Kolpeak hartu eta haiek jasotzen ikasteko laburregia da bizitza, bakarra delako agian, baina hamar izanda ere, zalantzan jarriko zenuke nehork kolpeak errezibitzeko manera atseginik aurkituko ote zukeen haietako bakar batean. Adingabea zara zu, nerabe bat oraino, edo haurra, esku ahurrari beha dabilena beti, bai behintzat kanpotik heldu den zerbaitek zure barnean ukan dezakeen eragina neurtu eta menperatzeko. Txikitatik izan da horrela, eta atzo izan balitz bezala oroitzen duzu belaunikatu bezain laster altxatzea maite zenuela, eta orduan, beti agertzen zela mahai ertza, zuri, buruko edozein ertz kolpatzeko prest. Kanka. Gainera, handitzen joan zaren heinean, kolpe txoro horiek hartzen segitu duzu, ez dira hain maiz izan, baina bortitzagoak izan dira. Bai. Eta kolpeak ubeldura bilakatu badira, gaitz erdi, baina okerragoa da buruan jaso dituzun bestelakoekin. Haiekin, nehoiz guti jakin duzu zer egin. Nola heldu diren, nondik. Eta zergatik. Galdera gehiegi «ez» batekin erantzuteko. Maite zenuelako, bazirudielako berak ere zu, baietz, baina ez, azkenean ez. Konfiantza zeneukala berekin, berak bazeukala zurekin, eta ez. Beti ez. Utzitakoa itzuliko zizula, baina itzuliak, lurrak baino ez dituela eman geroztik. Errateko berari lasai, ez ziola beste nehori errango. Beste nehori ez, baina beste guztieri bai. Eta horrela hartu izan dituzu kolpeak bizitzan, banaka, eta binaka, dozenaka. Baina eskarmentua hartu duzu, lasaiago zaude jada, badakizulako kolpeen segida logiko bat dela bizitza. Eta hurrengoa non hartuko duzun, edo nork emango dizun itxaroteko prest zaude, etorkizunari begirada bihurri bat eskainiz, alda daitekeen bakarra iragana dela jakinda.