Arantza Santesteban
Historialaria

Eginez egiten da

«Gero eta argiago daukat ez dela irabaziko dugun zorioneko eguna iritsiko. Ez naizela ohetik jaikiko, leihotik begiratu eta Euskal Herri aske, sozialista eta feminista bat-batean ikusiko. Joera daukagu, gaitza akaso, askatasunaren eguna itxaroten egoteko, iraultzaren momentua desiratzen bizitzeko.»

Oroitzen dut txikitan amonari galdetzen nionean nola egiten zen hau edo bestea. Orduantxe erantzun ohi zuen, Nola egingo da ba? egiten! Horixe bera etortzen zait burura Grezian, Katalunian eta Euskal Herrian hurrenez hurren gertatzen ari denaren inguruan pentsatzen dudanean.


Bai, beraiek argi daukate. Eta nola egiten dute? Egiten! Bankuei dirua falta zaiela? Bi ospitale gutxiago. Arrisku primak gora egin duela? Unibertsitateko matrikularen prezioa bikoiztu. Eta gutxinaka Katalunia Grezia bezala, eta Euskal Herria, Kataluniaren antzera. Eta azkenerako zer datorren? Pobrezia, miseria eta gosea. Atenasen bezala, Kataluniaren antzekoa da Euskal Herriaren geroa. Denbora kontua da. Beraiek argi daukate. Ezagutzen genuen ongizate estatuaren azken hatsaren aurrean gaude. Eta ez da berpiztuko, ez diote utziko.


Zertarako eskatu sortu dezakeguna? Zertarako itxoin, orain egin dezakeguna? Eskatu al ziren ba ikastolak? Itxaron egin behar al dugu ba askatasuna?


Euskal Herria ez da, euskal herriak eginez egiten dira. Euskara ez da, euskara eginez egiten da. Iraultza ez da, iraultza eginez egiten da. Hemen eta orain, aditzak «futuro perfektoan» deklinatzeko joera betierekorik gabe.


Gero eta argiago daukat ez dela irabaziko dugun zorioneko eguna iritsiko. Ez naizela ohetik jaikiko, leihotik begiratu eta Euskal Herri aske, sozialista eta feminista bat-batean ikusiko. Joera daukagu, gaitza akaso, askatasunaren eguna itxaroten egoteko, iraultzaren momentua desiratzen bizitzeko. Helmuga balitz bezala, edozein bitarteko erabiliz helburua lortzearren. Eta pentsatzen jarrita, gero eta argiago daukat darabilzkigun bitartekoak direla helburu, eta hartara, egun guztiak direla askatasunaren eta iraultzaren egun. Gero eta argiago daukat kapitalismoari ezin zaiola irabazi, ez dagoela neguko palazioak konkistatuz berau egun batetik bestera lurperatzea ekarriko duen unerik. Horregatik uste dut aukerarik eraginkorrena eta zentzudunena kapitalismotik eskapu egitea dela, lekuz mugitu barik. Baina eginez egiten ari gara. Erosketak egin kapitalismotik eskapatzeko, lanera joan kapitalismotik alde egiteko eta auzoko jaiak prestatu, kapitalismoari barre egiteko. Ordea, nolak erantzuten dio zer galderari.


Egunez egun, biderkatzen ari dira bertako barazki ekologikoak ekoizten dituzten kooperatibak eta zuzenean bitartekorik gabe, kontsumo kooperatibei euren produktuak saltzen dizkiotenak. Jakina da ere, Euskal Herrian oso erroturik daudela edozein motatako produktuak ekoizten dituzten jabetza kolektiboko enpresak, eta urteotan hedatzen ari dira zerbitzu finantzarioak eskaintzen dituzten auto-kudeatutako kooperatibak. Kapitalaren zirkuituen paraleloan hazten eta ehuntzen ari den jardute ekonomiko honek erakusten du nola egiten den gaur eta hemen herri eraikuntza, eta finean, bestelako politika sozial eta ekonomikoa. Auzolanean, horizontaltasuna eta parekidetasuna ardatz, aspaldiko eredu propioan oinarrituz etorkizunerako jarraibidea.
Garagardoa egiteko proiektu kooperatiboa esku artean duen nire lagun Xabik aurrekoan esan bezala, «Ei, iraultzaileena guk geure garagardo propioa egin eta kontsumitzea da!».

Bilatu