Joseba Alvarez
Sortuko kidea

EZLN inspirazio iturri

Urtarrilaren 1ean hogei urte beteko dira Chiapasko iraultza indigena ezagutarazi zenetik. Data hori abiapuntutzat hartuta eta borroka ereduak herri bakoitzean sortu eta garatu behar direla onartuta, Joseba Alvarezek Mugimendu Zapatistaren printzipioak Euskal Herrira ekarri ditu, eta Sortuk «zuzendaritza politikoa egiteko eta guk gure dinamizazio politikoa bermatzeko gureganatu beharko genituzkeen zenbait puntu garrantzitsu» azpimarratu ditu. Norberaren jatorria, izaera eta identitatearekiko koherentziaz jokatzea; oinarri sozialari eta herritarrei adi entzuten jakitea; eta «denbora politikoak guk geu markatzea» dira, besteak beste, artikulu honetan aipatu dituenak.

Duela hogei urte, 1994ko urtarrilaren 1ean, munduan oso pertsona gutxik ezagutzen zuen Mexikoko Chiapas izeneko eskualdean, Marcos subkomandantea izeneko buruzagi ezezagun batek, armak eskutan, Ejército Zapatista de Liberación Nacional (EZLN) eta iraultza indigena berria ezagutarazi zizkion planeta osoari. Eta geroztik, ezkertiar askorentzat –ni neu barne– sormen eta inspirazio iturri amaigabea izan da Mugimendu Zapatista, beronen freskotasuna zein hausnarketa sakonerako ausardiarengatik.  


Bost urte lehenago, 1989an, Berlingo Harresiaren suntsiketak zabaldu zuen mundu mailako kapitalismoaren eraso bortitzenaren aurrean Ezkerrak iniziatiba nagusi guztiak galdu zituenean plazaratzen da EZLN eta bere iraultza berria. Ez da meritu txikia, batez ere garai hartako Hego eta Erdialdeko Amerikako testuinguru politikoak ez baitzuen zer ikusirik gaur bizi dugun Iraultza Bolivartarrak ALBAren eskutik zabaldutakoarekin.


Bi gauza nagusi erakutsi zituen Mugimendu Zapatistak 1994ko urtarrilaren 1ean. Lehenik eta behin, eta agian garrantzitsuena, kapitalismoaren ofentsibaren aurrean itxaropenerako ateak zabalik zeudela, hau da, jendartean zegoen pertzepzio subjektiboa errotik eraldatu zuen: bestelako mundua posible zen eta borrokarako ateak zabalik zeuden. Eta, bestetik, mundu ordenamendu berrian konfrontazio politikoa, soziala, komunikatiboa eta eraikuntza zein eraldaketa nola egiten ziren frogatu zuen, bai teorian zein praktikan. Egia esan, gutxik espero zuten Chiapasen antolatzen ari zen Mugimendu Zapatistaren horrelako agerraldi indartsua 1994. urteko hasiera hartan.


Eta gaur, hogei urte beranduago, «behetik eta ezkerretik» sorturiko Mugimendu Zapatista sistema kapitalistan integratzeko egin diren saio guztiek porrot egin dutela aitortu beharra dugu. Sistema kapitalistak beste ezkerreko zenbait mugimendu eta pertsonalitateekin egin izan duen moduan, EZLN eta Marcos subkomandantea ikono bihurtu nahi izan ditu biak domestikatzeko asmoz. Baina ezin izan du. Mugimendu Zapatista ez da sistema kapitalistak onartzen duen ezkerreko indar politiko homologatua eta integratua bilakatu urte hauetan. Eta hori hala bada, Mugimendu Zapatista oso borroka luze, gogor eta biziaren emaitza delako izan da.


Horren lekuko dira, Marcos subkomandantearen diskurtso politiko berrituaz gain, eraikuntza eta eraldaketa sozialerako Chiapasen garaturiko maila ezberdinetako autonomia prozesu lokalak zein funtzionalak, eta, nola ez, prozesu horietan sorturiko menpekotasunik gabeko harreman sozial, politiko eta zuzendaritza eredu berriak. Bere apaltasun osoan, argi dago Mugimendu Zapatistak, eguneroko lanean eta borroka isilean, inolako konplexurik gabe, benetako iraultza prozesua bideratu nahi duela eta bururaino eraman nahi duela gainera.


Eta hori horrela da, besteak beste, EZLNtik hasita, Mugimendu Zapatista osoak bere bidea egiteko zenbait printzipio iraultzaile argi finkatu dituelako, ezkerraren pentsamendu klasikoan batzuk oso ondo kabitzen ez diren arren. Adibidez, askapen prozesuetan mugimendu sozialekiko harremanetan indar politiko iraultzailearen ezinbesteko abangoardia izaera baztertu du Mugimendu Zapatistak. Edota, subjektu iraultzailearen definizioan, egungo langile klasearen ikuspegi murritza eta baztertzailea alboratu du EZLNk eta aniztasunaren balioaren aitortza egin du, batasunaren benetako oinarria aniztasunean dagoela azpimarratuz. Eta gehiago daude.


Gutxi balitz, hori guztia praktikara eraman du Mugimendu Zapatistak, behetik eta ezkerretik abiatutako eraikuntza eta eraldaketa prozesu ezberdinetan. Herriz herri, zerbitzuz zerbitzu... herritarrak eta gizarte sektoreak zein eragileak adi entzunez eta hauen auto antolaketa bultzatuz indartu da EZLN eta bere ispilua den Mugimendu Zapatista. Eguneroko esperientzia horietatik abiatuz eta irtenbide zehatzak landuz ari da bere alternatiba integrala sortzen eta indartzen Mugimendu Zapatista. Prentsaurreko gutxi eta antolaketa lan handia, beraz. Eta beraiek ongi dioten moduan, beraien borroka eredua ez da besteentzako egina, beraientzat baliagarria izan dena da. Beraiek dioten moduan, «guk horrela egin dugu».


Baina, ezberdintasunak ezberdintasun, badira ene ustez Mugimendu Zapatistatik abiatuz, Sortuk zuzendaritza politikoa egiteko eta guk gure dinamizazio politikoa bermatzeko gureganatu beharko genituzkeen zenbait puntu garrantzitsu.  


Lehena, zer izan garen eta nondik gatozen inoiz ez ahaztea (gure errelatoa) eta koherentziaz aritzea, bai diskurtsoan zein praktika politikoan ere, sistema politiko homologatuak askotan politikoki «korrektoak» izan gaitezen eskatuko baitigu. Zapatistek, adibidez, ez diote inoiz beren jatorria, izaera eta identitate indigenari uko egin. Beraien bidea hautatu ondoren, beraien proiektu soziala eraikitzen ari dira inolako konplexurik gabe.


Bigarrena, gure militanteak, gure oinarri soziala, gure herrietako herritarrak, Euskal Herriko gizarte eragileak benetan adi entzuten ikasi behar dugu. Konturatu behar dugu horiek guztiak entzuteko beharrezkoa den denbora ezinbestean hartu behar dugula. Gure denbora politikoaren zati handi bat besteak entzuteko harremanetan erabiltzea lehen mailako inbertsio politikoa dela sinetsi behar dugu. Mugimendu Zapatistak erakutsi digu argipen prozesuak askotan besteak entzuteko ariketa luze eta sakonetan oinarritu behar direla eta ez norabide bakarreko bakarrizketatan.  


Hirugarrena, denbora politikoak guk geuk markatzea eta horren arabera gure testuinguru politikoen baitan lan egitea funtsezkoa dela ikasi behar dugu, eta ez besteek, instituzioek edota komunikabideek sorturiko abagune eta denboren menpean aritzea. Mugimendu Zapatistak sekulako garrantzia eman dio beti atal honi. Bere erritmoen arabera eta beraiek sorturiko abaguneen baitan jokatu izan dute beti, maila lokalean, nazionalean eta baita nazioartekoan ere.


Eta, laugarrena, askapen borrokaren izaera poliedrikoaz jabetzea da, eta, ondorioz, borrokarako subjektuen aniztasuna onartzea, hauen gidaritza politikoa egiteko tentazioa arbuiatuz. Mila borroka daude, handiak eta txikiak, koiunturalak, taktikoak, estrategikoak, sozialak, politikoak, sindikalak, sektorialak, transbertsalak... Eraldatu nahi dugun errealitate soziala eta politikoa oso konplexua denez, antolaketa zein zuzendaritza ereduak ere konplexuak izan behar dira ezinbestean, hori bai, aniztasunean oinarriturikoak, irekiak, gardenak, demokratikoak eta parte hartzaileak, maila lokalean zein nazionalean. Hori ere izan da Mugimendu Zapatistaren beste ezaugarri bat, maila guztietako aniztasuna onartzea eta batasunaren oinarrian jartzea.
Milesker EZLN eta Mugimendu Zapatista zuen hogeigarren urteurrenean, eta datozen hogei urteak hauek bezain oparoak izan daitezela zuentzat eta guztiontzat.

Bilatu