Aitor Idigoras, Ana Perez
STEE-EILAS

Lomceri ez, pribatizazioari ez!

2014ko urtarrilaren 1etik Lomce gure artean da. Jakina denez jendartea honen aurka agertu da nabarmen, eta asko dira Euskal Herri osoan egin diren eta egiten ari diren ekimen eta mobilizazioak. Hauen guztien helburua, Lomcerik gabeko eskolak, LOMCErik gabeko herriak eta Lomcerik gabeko Euskal Herria bat lortzea da.

Data garrantzitsutan gaude, 2013-14 ikasturtea bukatzear eta datorrena prestatzen ari garen honetan zalantzak eta beldurrak dira nagusi eskola komunitate guztietan. Hezkuntza Saila ere aspaldi dabil ezkutaketan -ezkutuko jolasetan-, nora ezean. Gezurra (helegiteen kontua), azpijokoa (eragile zehatz batzuekin lotutako ezkutuko akordiak) eta epelkeria izan dira eta dira Eusko jaurlaritzaren jolas eremua.

Sindikatuetara heldu berri zaizkigu ikasturte hasierako ebazpenen zirriborroak (datorren ikasturterako antolaketa ezartzen duena), eta Hezkuntza Sailak hankatxoa ate azpitik erakutsi beste erremediorik ez du izan. Lomce gurean da, Lomce gure eskoletako geletan sartu du Hezkuntza Sailak. Non daude lasaitasunerako sailburuaren deiak? Non geratu dira Cristina Uriartek gure hezkuntza sistema babestuko zuela esanez eginiko agerraldiak?

Larria da EAJren norabide eza. Lanbide Heziketaren inguruko agindua, Ikasturte hasierako ebazpena non, adibidez, erlijioari Lomcek ahalbideratzen duen gehienezko ordutegia ematen zaion (PPek agintzen duen erkidego batzuetan erdira jeitsi da), jarri diren baina jarri ez diren helegiteak, sexuaren araberako banaketa egiten duten ikastetxeen finantziazioa...

EAJren bidea Heziberri 2020k argitzen du. Egitasmo horretan bi eremu bereizi beharko genituzke. Bata Hezkuntza Sailak erabakitako lan prozedurari dagokio. Marko pedagogikoa eraiki berri den horretan, langileon ordezkariok guztiz baztertuak egon gara prozesu guztian, non eta irakaskuntzarekin, metodologiekin, ebaluazio irizpideekin eta edukiekin lotutako gaiak adostu diren eremuan. Aldiz, sare pribatuko eragile eta patronal guztiak egon dira lan taldean. Hemen ere gezurretan aritu da Cristina Uriarte, azken adierazpenetan langileok bidelagun izan gaituela esan duenean. Beste eremua, Heziberriren mamiari dagokiona da. Egia da metodologia aurrerakoiak planteatzen dituela, Lomceren kontrako bidea ezartzen duela Heziberrik zentzu honetan, baina galdera garbia da: Lomceren curriculuma baztertu, eta gaitasunen inguruan landu ahal izango ditugu Heziberrik jasotzen dituen metodologiak gure ikastetxeetan? Ez dugu uste. Ziur dakiguna zera da: azken lau urteetan murrizketak metatzen ari direla hezkuntzan, proiektuen bidezko finantziazioa egongo dela, zuzendariek eskolako langileen profilaren inguruan erabaki ahal izango dutela, PISA erreferentziazko abiapuntu dela, eta larriena, sare publikoa ez dela lehenetsiko. Wertek eta Uriartek aurkitu dute topagunea. Pribatizazioa. Azken honek arduratzen gaitu bereziki. Lomcek aurrerapauso izugarria ematen du hezkuntza sistemaren pribatizazioan, gainerako eremuetan bezala. Euskal Herri osoan, eta EAEn bereziki, inon ez bezalako pribatizazio maila dugu.

Egituraketa honek, berez, ondorio larriak dakartza gizarte kohesiorako eta aukera berdintasunerako. Guztiok ezagutzen dugu hainbat eremutako errealitatea, Euskadiko Eskola Kontseiluaren datuak ere hor daude. Eskola Publikoa subsidiario bezala geratzea nahi dute, eta hori da, hain zuzen ere, guztiaren azpian dagoena, Lomce etorri aurretik ere. Lomcek egoera hori muturrera darama, eta Eusko Jaurlaritzak arduraz jokatzen ez badu (egun dakigunarekin ez da hori Urkulluren gobernuaren lan ildoa, ezta gutxiagorik ere) Euskal Eskola Publikoa ataka larrian jarriko du.

Agindu berrien zain geratzen gara, baina bitartean ez gara geldirik egongo, ez STEE-EILAS ezta eskoletan eta jendartean sortutako plataformak ere. Zoritxarrez Hezkuntza Sailak aukeratu duen bidea ez da agindu zuena, ez du Lomce gelditu eta Lomceren atal asko bere egin ditu.

Bilatu