Joseba Felix Tobar-Arbulu
Ingeniaria

Nazioarteko ekonomia eta inperialismoa

Hemen eta gure artean, ezagunegiak dira zenbait jarrera: XIX mendeko eskemak erabiliz, jadanik oso aspergarriak diren testuak behin eta berriz errepikatuz, modu teologiko itxiaz biblia «berria» zabalduz, erabat ez-kritikoak diren sasi ezkertiar batzuen etengabeko hitzontzikeriaz baliatzen diren diskurtso zaharrak eta zaharkituegiak.


Hortaz, aire freskoa beti ongi etorria da. Izan ere, orain dela oso gutxi, Susan George egon da Euskal Herrian. Bera nahiko ezaguna da. Haren esanak jende askotxo aztoratu bide du. Baina, esanak esan, deus gutxi eguzkiaren pean.


Askoz sakonagoak izan ziren Michael Hudson-en hitzaldiak gure artean egon zenean, Ipar Hegoak gonbidatua. Hudson-ek ongi esplikatu zigun krisiaren zergatiak eta krisirako irtenbideak.


Hala ere, ez dakit ama birjinarekin hitz egiten duten ala kristalezko bolatxoari begira egoten diren, baina baieztapenak oso potoloak eta borobilak direla ezin ukatu. Kasu: (a) Urkullu jaunak erdara batu-batuan: «El lehendakari Iñigo Urkullu confía en que la tasa de paro en la CAV se reduzca a menos de la mitad para el año 2020, al pasar del actual 17% a un porcentaje inferior al 8% en seis años.» Edo eta, (b) Inkonpetentziari buruzko Peter-en printzipioa gorengo mailara igo duen UPVko batek, erdara batu ederrean: «Hay que ser conscientes que la actual crisis puede durar otros cinco años (ya llevamos cinco)».

Oso ongi dakigunez, krisia, batez ere, ezjakintasunaren krisia da. Utz ditzagun, bada, ezjakin horiek beren paradisuetan eta goazen aitzina.

Aipatu bezala, Hudsonek lan erraldoia bezain sakona egin du, agian “Super-inperialismoa” liburua da berorren lanik zabalduena eta ezagunena.


Hona, ondorio moduan, zer zioen Hudson-ek 2010eko e-posta batean: «Dolar estandarrak, internazionalki, funtsean esan nahi du AEBko ordainketa-balantzaren defizita –zeina hamarkadak direla, ia osoa militarra izan den– atzerritar banku zentraleko erreserba monetarioen oinarria dela. Hortaz, munduko erreserba monetarioak maileguak dira gainontzeko mundua inguratzen duten AEBko militarrak finantzatzeko.»


Warren Mosler-ek, e-posta berean, honela erantzun zion: «Ezta pentsatu ere ez. AEBko militarrek gastatzen dutenean, ondasun errealak eta zerbitzuak erosten dituzte gogo oneko saltzaileengandik merkatu prezioetan. Hori gertatzen da munduko herrialde gehienetan, gehienek BZ ez daukatenak; BZ horiek edozein truke errazteko etengabe dolar balantzeak metatzen dituzten. Militarrek gastatzen duten gainontzeko gobernuak gastatzen duen bide beretik, Fed-i agindua emanez saltzailearen Fed kideko bankuaren (edo korrespondente) kontua kreditatzeko.»


TTIP (http://ec.europa.eu/trade/policy/in-focus/ttip/) delakoaz S. George-k aipatzen dituen isiltasun guztien gainetik, merkataritza, eta bereziki, kanpo merkataritza, aztertu behar da, eta horretarako Mosler izan dut gidari, zeren berak diostanez, «Hi monetary analysis is generally confused due to what appears to be a lack of understanding/comprehension of monetary operations.»


Aurrerapen moduan, hauxe da GITE-IPESeko jardunaldian, martxoaren 29an aipatuko dudana:
Lehendabizi, bi datu esanguratsu eman: aspalditik ezagutu genuen kapitalismo mota, hots, kapitalismo industriala, erabat aldatu da. Orain eta nonahi, ekonomia bitan banatzen da: ekonomia erreala eta finantza ekonomia (edo fikziozko ekonomia, nahiz eta erabat ‘erreala’ izan eta mundu mailan nagusia).


2000 urtean egunero jadanik 2 bilioi dolar trukatzen ziren finantza merkatuan. Gaur egun, mundu osoan, urteko ekonomia errealak 45 bilioi euroko aberastasunaren ingurukoa sortzen du, Barne Produktu Gordinean neurtua. Finantza esferan merkatuek 3.450 bilioi euroko kapitalak mugitzen dituzten bitartean. Hortaz, aldaketa sakon horri aurre egin behar zaio, non kapital finantzarioa espekulatzaile bilakatu den.

Bigarrenez, «merkatuez» hitz bi esan beharko dira: Wall Street-eko banku nagusiek, aseguru konpainia nagusiek, pentsio fondoek, hipoteka fondoek eta antzekoek nahita sortu dute krisia, gero estatutik diru-laguntza ikaragarriak jasotzeko. Izan ere, inbertsio-bankuak, aseguru-konpainiak, pentsio-fondoak, espekulazio-fondoak (aktibo, obligazio eta deribatuak saltzen dituztenak) dira krisiaren erantzungileak.

Geroago, krisia ondorengo egoeraz, hitz pare bat edo: finantza krisia, historia sekretua. Harold James-ek lantxo interesgarri bat argitaratu berri du (http://www.project-syndicate.org/commentary/harold-james-examines-the-real-story-behind-the-international-response-to-the-near-meltdown-in-2008).

Historia ofizialak dioenez, «Fed, Europako Banku Zentrala eta beste banku zentral nagusiak batera jarri ziren finantza sistema globala hondamenditik erreskatatzeko.» Baina, Fed-eko erabakitze departamentu nagusiaren 2008ko biltzarretako transkripzioek, berriki argitaraturikoek, erakusten dutenez, Fed krisitik, «munduko banku zentral bezala atera da, batik bat AEBko interesak zerbitzatzen segitu duen bitartean.»


Ondorioz, «2008ko historia sekretuak erakusten duenez, garrantzitsua hauxe da: nork daukan Fed-en sartzekorik.»


Hortaz, Fed da nagusia mundu mailan. Baina, nola funtzionatzen du Fed-ek?
Ben Bernanke-k, orain dela gutxi arte Fed-eko nagusia izan denak, jakinarazi zuen moduan, AEBko gobernu gastu guztia gauzatzen da banku kontuetan zenbakiak markatuz.

Nola? Mosler-en hitzez, honela:

«Hasten da ondasun edo zerbitzu bat AEBri egindako salmenta batekin, non atzerritar konpainia ordaindua den dolarretan; dolarrak AEBko banku kontu bati haren izenean egindako kreditua da, zuzenean edo zeharka.

Normalki, konpainiak orduan dolar horiek saltzen ditu herrialdeko moneta lortzearren, bere herrialdeko moneta betebeharrak betetzeko, eta haren balantze orria oro har moneta horretan dago, non atzerritar moneta jabetzak espekulatibotzat hartzen diren.

Dolar horiek saltzen badira, herrialdeko moneta igotzen da.

Baldin eta BZ-k ez badu nahi herrialdeko moneta gora igo, dolarrak erosiko ditu eta beraiek eduki bere Fed-eko kontuan.

Orokorki atzerritar BZ-k bere Altxor Publikoko tituluak erosten dizkio AEBko Altxor Publikoari merkatuan berak jadanik erositako dolarrekin. Ez du atzerritar transakziorik egiten AEBko Altxor Publikoarekin.

Dolarrak bankuko Fed-eko kontutik BZ-ko Fed kontura doaz.

Atzerritar herrialdeak zehazki ezagutzen ditu zer nolako terminoak eta baldintzak dauden berak erabakitzen duenean AEBri ondasun erreal eta zerbitzuen salmenta, Fed-eko dolar balantzeen trukean, erraztea.

Atzerritar sektoreak dolareko aktibo finantzarioak metatzeko desioak permititzen du gobernu defizita handiagoa izateko bestela baino, inflazioa sortu gabe.

Esportazioak kostu errealak dira eta inportazioak onura errealak, AEBk izugarriro onura ateratzen du merkataritza defizitik.

AEBrako herrialdeen esportazio netoak beraien makroekonomien kalterako dira.»

Gehiago sakontzeko, hona hemen Hudson-en eta Mosler-en arteko eztabaida sakona: http://www.unibertsitatea.net/blogak/heterodoxia/2011/06/10/mosler-en-eta-hudson-en-arteko-eztabaida/

(Adi: Paul Krugman Nobel saridunak ez du ulertzen prozesu sakon hori.)

Iñakik eta beronen kideak diren GIPE-IPESekoek aukera ederra prestatu dute martxo honen bukaeran, Bilboko La Bolsa tokian, maiatzaren hauteskundeak hasi baino lehen, Europaz hausnartzeko.

Zorionak GITE-IPESkoei, benetan! Haien txikitasunean, eta diru-laguntza oso eskasiarekin, ongi ari dira, aspaldian gainera. Segi horrela!

Bilatu