Itziar Arratibel, Egoitz Askasibar, Martxel Toledo
ESAITeko kideak

Ofizialtasunari buruzko txosten juridikoa

Komunikabideen bidez jakin genuen Eusko Jaurlaritzaren Kirol Zuzendaritzak ekitaldi bat antolatu zuela duela zenbait aste. Ekitaldi horretan, euskal selekzioen ofizialtasuna juridikoki egingarri izan daitekeela dioen txosten baten berri eman zuen. Dokumentuaren aurkezpenari buruzko metodologiak, aurkezpen moduak eta edukiek gogoeta batzuk kaleratzera behartu gaituzte.

Lehenik eta behin esan pozten garela ikusita urte askoan zehar ESAITek bakardadean defenditu duen euskal selekzioen ofizialtasunaren bideragarritasun juridikoa konpartitzen duela Eusko Jaurlaritzak. Orain gutxi arte, sarritan entzun dugu ofizialtasuna ezinezkoa zela marko juridikoari dagokionez. Pauso gehiago ez emateko aitzakia zelakoan gaude. Estatu independentea izan arte ez zegoela ezer egiterik.

Deigarria da, hala ere, talde txiki batek, oso txikiak, aurrekontu baino borondate eta gogo gehiagorekin Gasteizko Gobernua iritsi den ondorioari aurre hartzea. Hogeita hamalau urteren ondoren Eusko Jaurlaritza ohartu da euskal selekzioen ofizialtasuna juridikoki bideragarria dela. Hobe berandu inoiz baino. Baina, orain arteko euskal gobernuen kirol politikaren ezaugarrietako bat izan balitz ofizialtasunaren aldeko eragileekin elkarlanean aritzea, seguru gaude ondorio honetara urte asko lehenago iristeaz gain, gure selekzioen ofizialtasuna egoera askoz hobean egongo zatekeela.

Jon Redondok, Jaurlaritzako Kirol zuzendariak galdetzen zuen zergatik, estatu gabeko beste nazio batzuen antzera, ezin dugun nazioarteko lehiaketetan ofizialki parte hartu. Erantzuna erraza da: Kataluniak, gaur egun 21 kirol selekzio ofizial ditu. Eta hauek dauzka, Kataluniako gobernuen politika publikoek kirol selekzioen ofizialtasun lehenetsi dutelako, hemengoek ez bezala. Hor dago gakoa: lehentasuna ematea.

Katalunia aspaldi ari da ofizialtasunean inbertitzen, era guztietan. Bitarteko ekonomikoak jartzen ditu bide horretan eta helburuarekin bat egiten dutenekin elkarren ondoan lan egiten du. Elkarlana da bere politikaren ezaugarria.

Kataluniako Plataforma Pro Seleccions Esportives Catalanes-ek ez zuen aurreko asteko ekitaldiaren berri izango komunikabideen bidez. Ziur doku- mentu juridikoaren idazketan nahiz antolaketan lagundu eta parte hartuko zuela. Eta dokumentuko akatsak zuzenduko zituela, adibidez Katalunia FIQeko –Bola-jokoko Nazioarteko Federazioa– partaide dela. Bertako partaide da TASen 2007-A-1424 sententziaren ondorioz, FIQen beraren web orrian ikus daitekeenez. Bestalde, ez da Kirolaren Euskal Legearen artikulazioaren azterketarik izan, aldaketen aukeren azterketa ofizialtasunerantz bideak irekitzeko. Bitxikeriez aparte, ahaleginak batu, ezaguerak egiaztatu eta baterako estrategiak adostu herriko familia politiko baten edo beste baten esklusibitateaz gain doana.

Lan honetan herri honek ezin ditu hartu beregain beharrezkoak diren eragileen bazterketa, protagonismo edo etekin politiko bilatzea. Ikas dezagun gure bizilagun katalanengandik, hobeto doakie, eta has dezagun aro berri bat non nabarmenkeriak eta interesak alde batera utzita, ofizialtasunera eramango gaituen bidea osatzeko lanak lehentasuna izango duen. Ez gara aspertuko errepikatzeaz. Herri honetan kirolari asko, hainbat gizarte eragile, alderdi politiko eta erakunde prest gaude euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde pausoak emateko. Eragile horiei batzorde ireki batean eskuz esku lana egiteko aukerari ateak itxita zenbat eta denbora gehiago pasa, herri honek pairatuko duen xahutzea da. Beraz, pentsa dezagun herri moduan. Ez daukagu ezer galtzekorik eta asko irabazteko. Has gaitezen herri izateko geratzen zaigun bidea egiten eta eskutik helduta ibil gaitezen, ahal dugun guztia batzen gure helburura iritsi arte, guztion helburura iritsi arte. Gu prest gaude, orain arte egon garen bezala. Orain da eta izan behar du unea. Ezin dugu momentu hau alferrik galdu.

Horregatik jartzen dugu berriro mahai gainean Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna nazioarte mailan egotearen kontua. Gaiari oinarritik heldu behar diogula uste dugu, euskal gizartetik eta berriro aktibatu norabide zuzenean pausoak emateko. Gai honi buruzko txosten juridiko eta teknikoak oso positiboak izanagatik ere, ziur gaude gure eragile sozial, eragile politiko eta kirol eragileen elkarlanak lortuko duela gure selekzioa nazioarte mailan lehiatzea munduko beste selekzioekin batera.

Ordua da beraz, euskal gizarteak euskal selekzioaren ofizialtasunaren inguruan duen sentipena guztiok desiratzen eta espero dugun norabidean zuzentzeko. EAJk, alderdi politiko bezala, eta Eusko Jaurlaritzak berak ausardia izan behar dute, alde batetik pauso irmoak emateko eta, bestetik, euskal selekzioaren ofizialtasunaren alde euren ekarpena emateko prest dauden euskal kirol federazioak nahiz kirol talde, kirolari eta eragileak babesteko. ESAITek euskal erakundeetan aurkeztu dituen mozioak honen guztiaren isla izan daitezke. Benetan espero dugu Eusko Jaurlaritzak publiko egin duen txosten juridikoa, teorikoa izateaz gain, praktikoa ere izango dela eta guztion artean estrategia zuzena diseinatzeko baliagarria izan dadila irrikaz lortu nahi dugun ofizialtasunerako bidean azken txanpan sartzeko.

Bilatu