Fermin Galparsoro

Abuztuak 15: askatasunaren eguna

Zabaldu lagunen artean, ea talde eder bat elkartzen garen” izenburupean, ekitaldi baterako gonbidapen elektroniko bat jaso berri dut.

Ekitaldiko iragarkian irakurri dudanez, Orreaga taldekoek Abuztuaren 15ean, goizeko 12:30etan jarri dute zita Pasai Donibaneko Pietatean.  

“ASKATASUNAREN EGUNA: GURE ESTATUA BEHAR DUGU. INDEPENDENTZIA DA DEMOKRAZIAREN ABIAPUNTUA”,  da aukeratu duten leloa.

Munduko nazio guztiek ospatzen dituzte jai nazionalak. Nazio bakoitzak, bere historian bizitako momentu garrantzitsuak gogoratzea, herritarren naziotasuna sustatzeko bitarteko garrantzitsua dela bai dakite.

Gure herriak, ospatu ez dakit, baina eduki, baditu jai nazionalak; ez, ordea, berak erabakitakoak. Estrategia politikoarekin gertatzen den bezala, zureak ez dituzunean, etsaiarenaz “komulgatu” behar.

Baieztapen hau, jai nazional propioak behar ditugula alegia, erabili dute antolatzaileek Abuztuaren 15ean “Askatasunaren Eguna” ospatzeko,  orain dela 1.234 urte, gure arbasoek herri aske izateko erabakia hartu zuten eguna gogora ekarriz.

778. urteko egun hartan, gure arbasoek, urte batzuk beranduago Nafar estatua sortzeko aukera emango zuen garaipen militarra erdietsi zuten Orreagan.

Baina ekitaldiaren leloa irakurrita, Orreagako kideek ekitaldi folkloriko bat ospatzetik haratago joan nahi dutela ikus daiteke:
 
“ASKATASUNAREN EGUNA: GURE ESTATUA BEHAR DUGU. INDEPENDENTZIA DA DEMOKRAZIAREN ABIAPUNTUA”.  

Zertaz ari zaren jakinez gero, hamar hitzetan gauza asko esan daitezke.

Ez dira geure herriaren historian ospatuak izateko moduko momentu asko, mende askotako zapalkuntza pairatzen bai gabiltza.

Beraz, eta askatasuna berreskuratzen dugun egunaren zain, Abuztuaren 15a, gure herriaren behin behineko jai nazional  gisa ospatu beharko dugu, noizbait geure arbasoak estatu propio bat eraikitzeko gai izan zirela gogoratuz, eta etorkizunean guk, gure seme-alaba edo bilobek benetako askatasun egun bat ospatzeko aukera izango dugunaren esperantzaz.


Zabaldu lagunen artean, ea talde eder bat elkartzen garen!

 

Bilatu