Sakonean
Elkartasun doinuak

Euskal preso politikoekiko atzerrian burutzen den elkartasun jaialdirik handiena ospatuko da larunbat honetan Londresen, non eta The Clash edo Sex Pistols bezalako taldeak jotzen aritu izan diren Brixton auzoko JAMM aretoan. Hamar musika talde, bertsolariak, Txan magoa… elkartasun doinuek Londresen eztanda egingo dute.

Manex ALTUNA|BILBO|2012/11/21
London_basque
Jaialdirako egin duten karteletako bat.
Ze esatek, Lain, Itziarren Semeak, Siroka, Hesian, Kop, Su ta gar, Governors, Vendetta eta Zea Mays taldeek joko dute Brixtongo JAMM aretoan.
Internet bidez salgai jarritako txartel guztiak agortu dira eta aretoa betetzea espero dute.
Egunean bertan 30 libratan jarriko dira txartel gehiago salgai, lehiatiletan.

Ingalaterran, Eskozian eta Irlandan preso dauden sei euskal herritarren aldeko London Basque Solidarity Sound System jaialdia antolatu du Euskal Herriaren Lagunak (EHL) ekimenak azaroaren 24an. Euskal Herriaren autodeterminazioa babesten duen nazioarteko sare bat da EHL eta beren jarduna Euskal Herriko egoera politikoa ezagutarazi eta gatazka politikoa gainditzeko babesa lortzean datza.

Ildo horretan, atzerrian preso dauden euskal herritarrei elkartasuna adierazta du helburu jaialdiak eta diru iturriak lortzea sakabanetak eragiten dituen kostuei aurre egiteko. Horrekin batera, abian dagoen bake prozesuaren aldeko aldarria luzatu nahi diete Londres eta Madrilgo Gobernuei.

Azken urteetan hainbat iheslari politiko izan dira atxilotuak eta espetxeratuak Ingalaterra, Irlanda eta Eskozian. Fermin Vila irundarrak bi urte daramatza Belfasteko espetxean bere aurkako estradizio eskaera bat dela medio. Iñaki Lerin eta Antton Troitiño Belmarsheko espetxean daude joan den ekainetik eta Beñat Atorrasagasti uztailean atxilo zuten Edimburgon. Kemen Uranga, berriz, abuztuan atzeman zuten Londresen eta joan den astean Raul Fuentes atxilotu zuten Liverpoolen.

Oso harrera ona

Jaialdiak oso harrera ona izan du eta aretoa leporaino betetzea espero dute antolatzaileek. Ahoz aho asko zabaldu da ekimena eta hainbat lagun joango dira Euskal Herritik asteburu pasa. Horren lekuko, internet bidez salgai jarritako sarrera guztiak orain dela bi aste bukatu zirela. Larunbatean bertan geratzen diren sarrerak jarriko dituzte salmentan 30 libratan eta litekeena da bat baino gehiago kanpoan geratu behar izatea. «Historikoa izango da nazioartean inoiz egin den euskal musikaren jaildirik handiena», nabarmendu du Iñigo Zapirain jaialdiaren antolakuntzan aritu denak.

Azaldu duenez, arazo ugariri aurre egin behar izan diete jaialdia aurrera ateratzeko. Batez ere, aretoa lortzerako orduan, segurtasun neurriak, baimenak eta alokairua ordaintzeko eskatzen zuten diru kopurua oso altua baitzen.

Azkenean jaialdia 600 lagunentzako tokia daukan Brixtongo JAMM aretoan ospatuko da. Toki oso esanguratsua da. Alde batetik, Londresko Brixton auzoan kokaturik dagoelako. The Clash taldeak ‘Guns of Brixton’ kantarekin mundu mailan oso ezaguna egin zuen. Afrokaribear komunitate handia duen auzoa da eta 80. hamarkadan hainbat istilu gertatu ziren Poliziaren bortizkeriaren aurka eta beren eskubideen defentsan. 2011an ere Inglaterra osoan zabaldu ziren protestak gertatu zirenean auzorik beroenetako bat izan zen.

Horrez gain, JAMM areto mitikoa da, oso ezaguna. Hainbat talde ospetsuk jo dute bertan, besteak beste, Ingalaterrako musika eszenan oso esanguratsuak izan diren Sex Pistols edo The Clash bezalako taldeek. Londresen beranduen ixten duen aretoa denaren fama ere badu antolakuntzatik diotenez.

Egun osoko egitaraua

Eguerdian, 12.00ak aldera, abiatuko da jaialdia. Txan Magoak, Xabier Silveirak eta Miren Amuriza bertsolariak eta euskal musika tradizionalak girotuko dituzte lehen orduak. Izan ere, egun osoko egitaraua prestatu dute antolatzaileek eta ez da aspertzeko astirik izango. Hamar musika taldek zuzeneko kontzertuak eskainiko dituzte, horien artean, Su ta gar, Zea Mays edo Kop bezalako taldeak daude. Brixtongo JAMN aretoak bi eszenatoki ditu eta taldeek bata bestearen atzetik joko dute.

Ze esatek taldeak irekiko du jaialdia 14.00etan. Gipuzkoarrak Euskal Herriko talderik ezagunenetako bat bihurtu dira azken hiru urteetan eta horren lekuko Durangoko Azokan aurkezteko duten DVDa, zeinetan zuzenekoetako lana eta kantuak batu dituzten.

Kristina Aranzabe eta Leire Berasaluzeren ahotsek gidatzen duten Lain taldeko neska-mutilak izango dira hurrengoak eszenatoki txikian. Horien ondoren, Itziarren Semeak taldeak ‘Basque of Brixton’ birari bukaera emango dio lekurik aproposenean, disko berria aurkeztu eta egun batzuetara.

Jaialdiko kantua egin duen Siroka taldeak jarraituko du ondoren eta haien ostean Hesian talde nafarrak girotuko du aretoa. Lehenengo bost talde hauek 40 minutuko kontzertuak eskainiko dituzte eta hortik aurrera ordubeteko emanaldiak izango dira.

Kop kataluniarrak 18.10etan hastea dago aurreikusita. Juanrra abeslaria Euskal Preso Politikoen Kolektiboko (EPPK) kide izandakoa da eta Euskal Herria eta Herrialde Katalanen arteko elkartasuna uztartuko ditu. Su ta Garren ordua iritsiko da gero eta Governorsek beren maila atzerrian erakusteko aukera izango du. Vendetta eta Zea Mays izango dira azkenak.

ERLAZIONATUTAKO ALBISTEAK
LOTURAK