@aimar_etxeberria
Donostia

37 Udal salatu ditu Estatu espainiarrak kontratazioetako hizkuntz irizpideen harira

Tolosa eta Beizama epaitegietara eramateaz gain, 37 dira kontratazioetan ezartzen dituzten hizkuntz irizpideen ondorioz Estatu espainiarraren salaketa jaso duten Gipuzkoako udalak. Babesa eta laguntza eskatu diote Gipuzkoako hainbat Udal eta erakundeetako ordezkariek Lakuako Gobernuari eta, era berean, hizkuntz irizpideak zehazteko askatasuna aldarrikatu dute.

Zigor Etxeburua Aldundiko Euskara zuzendaria, Gipuzkoako hainbat udal ordezkariz inguratuta. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Zigor Etxeburua Aldundiko Euskara zuzendaria, Gipuzkoako hainbat udal ordezkariz inguratuta. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Gipuzkoako hainbat udaletako ordezkariek, Foru Aldundiko Euskara zuzendaria den Zigor Etxeburuarekin batera, Estatu espainiarrak euskararen garapenaren aurka duen «gorroto eta burugogorkeriarekin» amaitzeko eskatu dute, baita herritarrak eta Gipuzkoako erakundeak errespetatzeko ere.

Ainhoa Zabalo Lezoko alkateak azaldu duenez, guztira 37 Udal salatu ditu Estatu espainiarrak erakunde horiek kontratazioetan zehaztu dituzten hizkuntz irizpideengatik eta Tolosa eta Beizamako udalak epaitegietara eraman ditu. Zentzu horretan, euren burua gobernatzeko duten «ahalmena» aldarrikatu du.

Etxeburuak gaineratu duenez, Estatu espainiarrak euskara gal dadin duen asmoa «ez da oraingoa» eta, ildo horretan, euskarak, Estatuaren «gutxiespen» horren ordez, Europako herrialdeetan hizkuntz irizpideen aferan ematen den elkar-aitortza behar duela gaineratu du.

Hala, Lakuako Gobernuari Gipuzkoako hainbat udal eta erakunde pairatzen ari direna kontuan hartzeko eskatu dio, baita duela pare bat hilabete egin zioten eskaerari erantzuteko ere, hau da, babesa eta laguntza exijitu dio Etxeburuak Lakuari.

Gauzak horrela, euskararen normalizazioaren alde lanean jarraituko dutela adierazi du.