NAIZ.INFO
AZPEITIA

Agertoki demokratiko baten bidean «egiaren» garrantzia azpimarratu dute Azpeitian

‘Egia bide, askatasuna amets’ lelopean ekitaldia egin dute Egiari Zor fundazioak antolatuta Azpeitian. Bertan, Estatu espainiar nahiz frantsesaren aldetik biolentziaren bat jasan duten pertsonek hartu dute parte eta «egiaren» balioa indartu dute indarkeriazko aro batetik eszenatoki demokratiko baten bidean.

Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan Egiari Zor fundazioak antolatu duen ekitaldiaren irudi bat. (Conny BEYREUTHER/ARGAZKI PRESS)
Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan Egiari Zor fundazioak antolatu duen ekitaldiaren irudi bat. (Conny BEYREUTHER/ARGAZKI PRESS)

Estatu espainiar nahiz frantsesaren partetik indarkeiaren bat jasan duten omenez ekitaldia egin dute gaur arratsaldean Azpeitian Egiari Zor fundazioak antolatuta. Haritz hostoa irudi hartuz, ‘Egia bide, askatasuna amets’ lelopean, «egiaren» aldeko mezua zabaldu du Joxean Agirrek.

Agirreren esanetan, biolentzia «ez da» euskaldunen hautua izan, eta espainiar eta frantziar estatuen bortizkeria, aldiz, «etengabea». 1936ko gerratik hasita, gaur egun arteko bidea marraztu dute eta belaunaldien arteko konparazioak eginez, egungo gazteek «biolentziarik gabeko arorik» ez dutela ikusi aipatu du.

Historia alderantziz kontatu digutela esan eta egia osoa «ezkutatu» digutela ere azaldu du Agirrek. Horrenbestez, «ezinbestekoa» ikusten du gertatutakoaren inguruan hitz egitea «egia ondo azaleratzeko». Gainera, egia jakiteak «erraztu» egingo luke indarkeriazko aro batetik agertoki demokratiko baterako bidea Agirreren esanetan.

Joan den ostegunean Lakuako ordezkariek Zarauzko omenaldian izan zuten parte hartzearen inguruan ere mintzatu da Agirre. Bere esanetan, «txikia» izan zen ekarpena, «bide berean injustiazia oinarri duten beste ehunka kasu badaudelako».