NAIZ.INFO
BILBO

Gatazkaren konponbidean inplikatzeko eskatu diote Gobernu frantsesari hainbat eragilek

Eragile politiko, sindikal eta sozialek elkarretaratzea egin dute Bilbon, kontsulatu frantsesaren aurrean, Parisko Gobernuari gatazkaren konponbidean inplikatu dadila exijitzeko. Baionan larunbatean egingo den manifestaziora joateko deia egin dute.

Kontsulatu frantsesaren aurrean egin dute elkarretaratzea. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Kontsulatu frantsesaren aurrean egin dute elkarretaratzea. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

‘Errepresioarekin bukatu. Bake prozesua orain’ lelopean, elkarretaratzea egin dute hainbat eragilek Bilbon, frantziar kontsulatuaren egoitzaren aurrean. Sortu, EA, Aralar, Alternatiba, ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, IA, Esait, Lau Haizetara Gogoan, Sare Antifaxista, Herrira, Etxerat eta Gite-Ipes erakundeetako ordezkariak izan dira, besteak beste.

Sonia Gonzalezek hitz egin du guztien izenean eta, azaldu duenez, mobilizazioaren helburua heldu den larunbatean Baionan egingo den manifestaziorako deia egitea izan da. Azken atxiloketak eta euroaginduen aplikazioa salatzearekin batera, gatazkaren konponbidea aldarrikatuko du Bake Bideak deitu duen manifestazioak.

Gonzalezek esan duenez, iheslarien atxiloketak gatazkaren konponbiderako egin zuten ekarpenaren aurkako «erantzun zuzena» izan dira.