NAIZ.INFO
DURANGO

Ezkutuan dauden lau gazteek jendearen babesa jaso dute Durangoko Azokan

Irati Mujika, Idoya Iragorri, Goizane Pinedo eta Unai Ruiz gazteek egindako deialdiari erantzunez, jende andanak parte hartu du mozorroturik Durangon burutu duten martxa desobedientean. Pinedo eta Ruiz azokan izan dira ekitaldian jarri duten bideo batean ikusi ahal izan denez.

Uholde laranja batek Durangoko kaleak hartu ditu eguerdian. Ezkutuan dauden lau gazteen eta gainontzeko auzipetuen deialdia jarraituz, jende andanak parte hartu du antifazekin mozorroturik egin duten martxa desobedientean.

Elektrotxaranga batek girotu du azokatik abiatu den kalejira. Durangoko kaleak zeharkatu ondoren, ekitaldia egin dute eta bertan Goizane Pinedo eta Unai Ruiz gazteak azokan grabaturiko bideoa jarri dute. Bi gazteak igandeko GARA eskuan agertu dira, bertan zeudela baieztatzeko. Pinedo eta Ruizek bidali duten mezuan beren hautua berretsi dute eta jendearen babesa eskertu dute.

Madrilen burutzen ari diren epaiketan auzipetuta dauden gazteek eman diote amaiera ekitaldiari eta elkartasunetik konpromisora eman beharreko urratsa aldarrikatu.