Euskal Herria kantuz


AURKEZPENA

Kantua oso gauza primitiboa da, berezkoa da gizakiarengan. Euskaldunok ere betidanik izan omen dugu kanturako zaletasun aparta, kantuak sortzeko, beste herrialdeetako doinuak ikasi eta gure hizkuntzara egokitzeko, eta nola ez gogoko ditugun kantu horiek elkarrekin abesteko.


Kantuaren bitartez, modu artistikoan, gure sentimenduak, gogoak, aldarrikapenak eta gertaerak azaltzen ditugu, baina kantuak badu beste funtzio sozial garrantzitsu bat, hizkuntza berean kantatzen dugunok gizatalde berekoak garela sentitzen dugu, herri bateko partaide, gure kasuan euskal herrikoak.


Azken urte hauetan, gure herri askotan zabaldu da kalean kantatzeko dinamika, batzuentzat «koadrila zahar bat kantuan» besterik ez da izango, beste batzuentzat berriz «arratsaldea pasatzeko aukera bat» besterik ez,… Ez nuke nik hauen jarduna gutxietsiko, zeren «zahar hauek», «arratsalde horietan», kantuaren bitartez jendetza elkartzeko ahalmena erakutsi dute, kale huts eta triste horiek bete eta alaitzeko, eta haratago joanez gero, gure hedabide eta erakunde publikoak sustatu gabeko «euskal kultur mugimendu nazional» bat sortu dute. Agian hitz potoloegiak irudituko zaio edonori, baina argi dago maila nazionaleko dinamika sozial bat sortu dutela, bestetik euskal kantagintza sustatzeko lan izugarria egiten ari direla, eta nola ez, euskararen erabilera bultzatzeko dinamika eraginkorra izatea ere lortu dutela. Herritarrengandik sortutako ekimen xume bat izateko ez dago gaizki.


Kantuzale hauengandik sarritan entzun izan dudan galdera datorkit orain burua, eta non daude gazteak? Lasai egon, gazteek hor dabiltza, lokaletan, gaztetxeetan, beraiek sortutako lanak aurkezten, beraiei funtzio hori dagokie, alegia sorkuntzarena. Gu bitartean jasotakoa transmititzen jarraituko dugu, euskaldunak garelako, euskaraz bizi nahi dugulako, eta Euskal Herria maite dugulako.


Juanluis Aranburu
Euskal Kantuzaleen Koordinatzailea