NAIZ.INFO
BILBO

Eider Zuriarrain eta Euri Albizu aske utzi dituzte, bermepean

Espainiako Auzitegi Nazionalak 20.000 euroko bermepean aske utzi ditu ostiralean atxilotu zuten Eider Zuriarrain deustuarra eta gaur Madrilen bere burua aurkeztu duen Euri Albizu segurarra. Zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zieten biei, Auzitegi Gorenean helegitea jarri zuten eta ebatzi artean utzi dituzte aske. Era berean, 20.000 euroko bermea ezarri diote Juan Mari Mariezkurrenari.

Espainiako Auzitegi Nazionalak 20.000na euroko bermepean aske utzi ditu gaur Eider Zuriarrain deustuarra eta Euri Albizu segurarra. Biei ere zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zien Auzitegi Nazionalak, ETAri laguntzea egotzita.

Erabakiaren aurkako helegitea jarri zuten Auzitegi Gorenean eta epaitegi honek ebazpena eman artean aske utzi dituzte gaur.

Zuriarrain ostiralean atxilotu zuen Ertzaintzak, Sondikan, lanetik irteterakoan. Euri Albizuk gaur aurkeztu du bere burua Madrilen, urtebete inguruko haurrarekin. Zuzenean epailearen aurretik pasa eta epaitegiko ziegan sartu dute bermea ordaindu bitartean. Iluntzean bere egoera salatzeko kontzentrazioa deitu dute bere jaioterrian.

Zuriarrain eta Albizu otsailean epaitu zituzten eta apirilaren 17an ezagutu zen euren aurkako epaia. Auzi berean zigortutako Xabier Atristain eta Juan Mari Mariezkurrena larunbatean atxilotu zituen Ertzaintzak espetxeratze agindua betetzeko, 17 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Atristaini eta 7 urte eta erdikoa Mariezkurrenari. Zigor bera jaso zuen Jose Agustin Camachok eta 20 urtekoa Ibai Beobide bilbotarrak. Gaur pasa da epailearen aurretik Mariezkurrena eta honi ere 20.000 euroko bermea ezarri diote.