NAIZ.INFO
BAIONA

Lurralde Elkargoaren egitasmoak mahai gainean jarraitzen duela dio Batera plataformak

Batera plataformak ez du babesten Frederique Espagnac PSko kideak Senatuan aurkeztu duen zuzenketa, «ez forman ez edukian. Aitzitik, Lurralde Elkargoaren egitasmoak mahai gainean jarraitzen duela nabarmendu du.

Nicolas Blain, Martine Bisauta eta Jakes Bortayru. (Gaizka IROZ)
Nicolas Blain, Martine Bisauta eta Jakes Bortayru. (Gaizka IROZ)

Nicolas Blain, Martine Bisauta eta Jakes Bortayru Baterako kideek agerraldia eskaini dute gaur Baionan, larunbatean izan zen manifestazioaren balorazioa egin eta Frederique Espagnac PSko senatariak Senatuan aurkeztu duen zuzenketaz iritzia emateko.

Nabarmendu dutenez, Espagnacek aurkeztu duen Antolamendu eta Kooperazio Poloaren egitasmoa Lurralde Elkargoaren proiektutik «oso urrun» dago. «Ez ditu ez eskumen, ezta aurrekontu bera», eta ez die «Euskal Herriaren beharrei» erantzuten.

Bateraren iritziz, Kooperazio Polo horrek erakundeen artean beste maila bat besterik ez du ekarriko, «konplexutasun gehiago eta gardentasun gutxiago».

Azaldu dutenez, larunbateko manifestazioa deitu zuen Koordinazioak bilera zuen astelehenean mobilizazioaren balorazioa egiteko, baina Espagnacen zuzenketa izan zuten aztergai eta eztabaida bizia izan omen zen.

Bisautak esan duenez, Lurralde Elkargoari «diogun lotura berresteko mementua» da. Gizartearen eremu politiko eta sozialaren artean lortu den oreka «historikoa» izan dela oroitarazi du eta zera gaineratu du: «Erantzun politikoa espero dugu, arazo politiko batentzat».

Deszentralizaziorako ministro Marylise Lebranchuri hitza betetzeko ere galdegin dio, izan ere, urrian Euskal Herrira etorriko zela esan baitzuen, eta oraindik haren zain daude. «Etortzea espero dugu, gure egitasmoa onartzen ahal duen edo ez erran diezagun. Eta guk egoeraren konplexutasuna azalduko diogu», adierazi du.

Larunbateko manifestazioaren garrantzia ere nabarmendu dute eta «horrelako gai korapilatsu baten inguruan» 6.000 lagun biltzea «historikotzat» jo du. «Larunbatekoa lehen etapa bat izan zen, ez mugarria», erantsi du.

Hautetsien Kontseilua, Garapen Kontseilua, Hautetsien Biltzarra, parlamentari eta senatariak, Industria eta Merkataritza Ganbera eta Batera biltzen ditu Koordinazioak heldu den astean aztertuko du bere jarrera.